Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/05

Behar-beharrezkoa da espetxe politika egungo errealitate berrira egokitu eta presoen birgizarteratzea ahalbidetzea

Joseba Egibarrek salatu duenez, barne ministerioak iritzi politikoetan bakarrik oinarritzen du dispertsioa eta sakabanaketa.

Eusko Legebiltzarrak euskal presoei aplikatzen zaien dispertsioaren aurkako Legez Besteko Proposamena onartu du eta Espainiako Gobernuari eskatu dio amai dezala sakabanaketarekin erabaki hori hartzeko lege oztoporik ez daukalako. Ekimena EAJ eta EH Bilduren babesarekin onartu da.
Behar-beharrezkoa da espetxe politika egungo errealitate berrira egokitu eta presoen birgizarteratzea ahalbidetzea

GBBko presidente eta EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, egungo espetxe politika eguneratzeko beharra nabarmendu du eta baita presoen birgizarteratzea ahalbidetzekoa ere. “Egungo espetxe politika PSEk eta PPk diseinatu zuten terrorismoaren aurkako erreminta bezala. EAJ beti izan da neurri honen aurka. ETA desagertu dela ikusirik, nahitaezkoa da dispertsioa eta sakabanaketarekin amaitzea”, defendatu du.

Bozeramaile jeltzaleak salatu egin du alderdi konstituzionalistek espetxe politikaren amaiera ETA desagertu arte gertatuko ez dela esateagatik. Izan ere, ez dago hori jasotzen duen lege bakar bat bera ere. “Irizpide politiko hutsetan oinarritzen du erabakia Barne Ministerioak”, kritikatu du.

Beste behin ere, presoen birgizarteratzearen alde egin du Egibarrek eta gogoratu du euskal presoen kolektiboak (EPPKk) pasa den abenduan emandako aurrerapausoa; egindako mina onartu, iraganeko estrategiei uko egin eta norbanako birgizarteratzearen alde egin zutenean. Ildo horretan, ezker abertzaleari eskatu dio presoekiko daukan ardura bere gain har dezala. “Ez da egia ezker abertzalea ETA denik, baina ETA kide guztiak ezker abertzalekoak dira, beraz, mugimendu bezala estaldura politikoa eman beharko lieke, ikuspegi autokritiko batetik, birgizarteratzearen alde hasi duten bidean”, azaldu du.

Bozeramaile jeltzaleak berriz ere gogoratu du PSE eta PP izan zirela “Pacto Antirretorista” izenarekin ezagutzen den hitzarmena eta egungo espetxe politika diseinatu zituztenak ETAren aurkako erreminta bezala. Eta gogoratu du EAJ hasieratik izan zela aurka, “behin ere ez duelako bat egin, diseinatu edota ontzat eman giza eskubideak urratzen dituen politikekin”.

Duda guztiak argitzearren, zehaztu du dispertsioa eta sakabanaketa Enrique Múgica ministroak bultzatu zituela 1989. urtean, Hipercor, Zaragozako koartela eta Vic-en ETAk egindako atentatu odoltsuen ondoren. Kartzelan ziren ETA kide batzuk zuzendaritzaren erabakiak zalantzan jartzen hasi ziren, baina ezin zuten behar bezalako eztabaidarik egin preso ia guztiak bi espetxetan kontzentratuak zeudelako (Herrara La Mancha eta Alkala Meco). Hori dela eta, preso kritiko hauek espetxe ezberdinetan zabaltzeko eskatu zuten, eztabaidari ekin eta aurrera egin ahal izateko. ETAren indarkeriak gora egin zuela ikusita, ministroak sakabanaketa eta dispertsioa bultzatu zituen, gaur egun arte Espainiako gobernu ezberdinek ETAren aurkako erreminta bezala mantendu duten estrategia, alegia.

Honen aurrean, Egibarrek alderdi konstituzionalistei espetxe politikaren aurka egin eta Barne Ministroari behin betikoz bide honekin amai dezala eskatzeko exijitu die. “Legebiltzar honek hala eskatu du. Ez al du Ganbera honen iritziak balio?”, galdetu die.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube