Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Badiako bidearen eraikuntzan lehenengo urratsa Jaizubiako paduren eta Plaiaundiren arteko lotura izan behar da
Gaur goizean egindako lan bileran, txirrinden eta ibilgailuen arteko elkarbizitzan dauden arriskuak ekidite aldera, Irun Plaiaunditik Amuterekin lotuko duen bidegorria eraikitzearen garrantzia azpimarratu dute Xabier Iridoyk eta Juan Luis SilanesekEAJ-PNV Eusko Jaurlaritzarekin egiten ari den elkarlana azpimarratu dute jeltzaleek, eta bi udalerriek adostutakoa dagokien batzordeetara helaraziko dutela adierazi dute
Xabier Iridoy Irungo EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramaileak eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak lan bilera burutu dute gaur goizean, bi udalerrien arteko loturaren baitan, Txingudiko paduren leheneratzerako eta loturarako egin beharreko esku-hartzeen lehentasunak zehazteko helburuarekin. EAJ-PNVk urte bat baino gehiago darama Txingudi Badiaren eta Bidasoaren kontserbazioan Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan estuan, eta bereziki, eskualdeko hiru herriak bizikleta eta oinezkoentzako ibilbidez lotzeko proiektuan. Zinegotzi irundarrak aditzera eman duenez, «badiako hiru udalerriak lotzeko apustu sendoa egin du EAJ-PNVk, ingurune naturala errespetatuz beti ere, eta ildo horretan ari gara lanean hilabete hauetan guztietan modu bateratuan».
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailarekin egindako hainbat bileretan proiektu honek Bidasoa eskualderako duen garrantzia agerian utzi du EAJ-PNVk, eta euskal erakundeak Txingudi eremuan egin beharreko esku-hartzeen barruan sartu du. Era berean, Hendaia eta Hondarribia bizikleta ibilbidez lotzeko Txingudiko eremu naturala leheneratzeko planerako 500.000 euroko aurrekontu partida bideratu du. Kopuru horren zati bat lehentasunen diagnostikoa eta azterketa egiteko erabili da, administrazio eta intereseko eragileen eztabaidarako oinarri gisa. Horri plan zuzentzaile batek jarraituko dio, zehaztutako lehentasunak irudikatu, ordenatu eta programatuko dituena, eta adostasuna ahalbidetuko duena. Horretaz gain, Jaizubia eta Amuteko paduren arteko lotura hobetzeko eta Jaizubiako oinezkoen zirkuitua ixteko helburuarekin esku-hartzeak aurreikusten dira aurten. Eta parke ekologikoko habitataren mesedetan iaz hasitako lanekin ere jarraituko dute.
Hain zuzen ere, lehentasun horietaz hitz egin dute Iridoyk eta Silanesek gaur goizean. Behin plan zuzentzailea idatzitakoan, hiru udalerrien arteko loturan eman beharreko lehen urratsean, Irun Plaiaunditik Amuterekin lotuko duen bidegorriaren eraikuntza lehenesten du EAJ-PNVk. Plaiaundi Institututik egingo den lotura hori txirrindulariek bakarrik erabiliko duten alternatiba izango da, ibilgailuekin batera ibiltzea eta horrek dakartzan arriskuak ekidinez. Gainera, inguruneaz gozatuz, Plaiaundiko parke ekologikoaren ertzetik paseatzeko aukera eskainiko du.
Mendelu eta Amute artean bizikletentzako bide egoki baten gabeziak bi udalerrietako bizilagunengan eragiten duen kezka partekatzen dute Silanesek eta Iridoyk. «Eusko Jaurlaritzari, jada, helarazi diogun kezka da» baietsi dute. «Asko dira uda sasoian Hondarribiko hondartzara joaten diren irundarrak eta arrazoi desberdinengatik gure hirira etortzen diren hondarribiarrak, eta gure ardura da bidean segurtasun minimoa bermatzea» azaldu du Iridoyk. Halaber, proiektu horrekin Jaizubia eta Plaiaundiko parke ekologikoaren arteko lotura amaituko litzateke Amuten barrena.
Bi udalerrien artean landutako eta adostutako lehentasun horiek dagozkien batzordeetara eramango dituztela aurreratu du EAJ-PNVk. Irungo Alkateak udaletxeko talde politikoekin antolatu nahi duen bileran mahaigaineratuko ditu Xabier Iridoyk, kirol instalazioen leku-aldatzearen premia azpimarratzearekin batera; eta Aitor Kerejeta eta Silanesek ekainaren hirugarren asterako aurreikusten den erakundeen arteko batzordean aurkeztuko dute jeltzaleek adostutakoa.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako diagnostikoa partekatzeko eta alderatzeko asmoz, bere taldeak hiriko eragile sozial desberdinekin −non talde ekologistak, kirol elkarteak eta intereseko beste taldeak aurkitzen diren− hainbat bilera aurreikusi dituela azaldu du Xabier Iridoyk.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31