Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/05/28

Bilduk UDALTOPen antolaketa kinka larrian jarri du

Lasarte-Oriako Eusko Alderdi Jeltzalearen udal taldeak eta Batzar Nagusietako taldeak UDALTOP Udaletako Euskara zerbitzuen topaketak kinka larrian jarri eta politikoki erabili izana leporatu dio Bilduri. Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara zuzendaritzak eta Lasarteko alkatetzak arriskuan jarri dute UDALTOP soziolinguistika jardunaldien antolaketa osoa. Antolaketa eredua aldatu egin dute beraien interesen alde
Bilduk UDALTOPen antolaketa kinka larrian jarri du

Lasarte-Oriako udalean emandako prentsaurrekoan, Zorione Etxezarraga batzarkideak eta Estitxu Alkorta bozeramaile eta zinegotziak eta Boris Nogales zinegotzia eta udal euskara batzorde buruak azaldu dutenaren arabera, “duela aste bete burutu zen UDALTOP soziolinguistika jardunaldien antolaketa osoa kinka larrian jarri dute Bilduko ordezkaritza duten bi erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako alkatetzak. Ikuspegi baztertzaile eta itxi batean oinarrituta, jardunaldien jatorrizko antolaketaren eredua eraldatu egin dute herri administrazioak uxatuz eta beste erakunde batzuk sartu dituzte itxurak egiteko, irudi huts moduan”.

UDALTOP soziolinguistika jardunaldiak 2009an antolatu ziren lehenengoz. Diputazioak eta Lasarte-Oriako Udalak bultzatutako ekimen gisa sortu ziren eta hasieratik Eusko Jaurlaritzaren eta EUDEL-en babesa izan zuten. Lau erakundeek lankidetza hitzartu zuten euskara teknikarien arteko topaketa hauek diruz eta baliabide teknikoz hornitzeko. Eta horrela izanda urtez urte. Eusko Alderdi Jeltzalearen zinegotzien hitzetan, “lau erakunde hauen arteko lankidetzari zor diogu, neurri batean, topaketa hauek euskal erakunde eta udaletako euskara teknikarien arteko urteroko erreferentziazko bilgunean bilakatu izana”.

Estitxu Alkortak azaldu duenez, “Bilduren bazterkeria iaz hasi zen, 2013ko UDALTOP-eko aurkezpen ofizialean hain zuzen. Diputazioak betoa ezarri zion EUDELeko ordezkaritzari eta, agerraldi publikoetatik EUDEL kentzea agindu zuen. Beto hori kaleratu ez zedin, Jardunaldien aurkezpenetan ordezkari politiko guztiak kentzea proposatu zuen Diputazioak, EUDELen, Eusko Jaurlaritzaren eta gure euskara udal batzordeburuaren, Boris Nogalesen, iritziaren aurka. Bi erakunde hauek eta guk publikoki ez protestatzea erabaki genuen, UDALTOP bera ez kaltetzeko”.

Aurten, Bilduk kontrolatutako erakundeek urrats berriak eman dituzte euskararen kalterako den bazterkeri bide honetan. Estitxu Alkortak hitzetan, “Diputazioak beste pausu bat gehiago eman du, eta baldintza berriak jarri ditu: EUDEL antolakuntzatik kentzea, honek emandako diru-laguntza ukatuz; eta UDALBILTZA eta UEMA sartzea, baina hauei inongo ekarpenik egitea eskatu gabe. EUDEL kaleratzeak Eusko Jaurlaritzaren, EUDELen eta gure batzordeburuaren ezezko borobila jaso zuen. Honen aurrean, Lasarte-Oriako alkateak bat egin zuen Garitanoren menpe dagoen Diputazioko Euskara zuzendaritzarekin eta elkarrekin UDALTOP soziolinguistika jardunaldien egitura haustea lortu dute. Gaur gaurkoz, Diputazioa eta Lasarte-Oriako udala daude soilik antolakuntza lanetan. Bilduk bere interesak euskara eta gizarte beharren aurretik jarri ditu, beste behin. Bazterkeri hauek Bilduk egiten duen hizkuntza politikaren adierazgarri dira”.

Estitxu Alkorta bozeramaileak eta Boris Nogales udaleko euskara batzorde buruak, azpimarra nahi izan dute salaketa behin aurtengo UDALTOP burutu ondoren egin izan nahi dutela, “UDALTOP soziolinguistika jardunaldi bera ez kaltetzeko eta horretan lanean diharduten teknikarien errespetuagatik. Bilduk prozesu guzti honetan UDALTOP antolaketaren inguruan egin duen erabilera politiko lotsagarria biziki salatu nahi dugu. Topaketa hauek inoiz bizi izan duten krisirik handiena izan dutela gizarteratu nahi dugu, orain eta hemen, behin topaketak gauzatu direnean. Zeren UDALTOP egin baldin bada ez da Bilduren ordezkariei esker izan, zinez antolatzaile teknikoetan, topaketak beraietan eta euskararen alde lan egiten dutenengan sinesten dugun beste erakundeoi esker baizik. Hau da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari, EUDEL-i eta gure batzordeburuari esker. Euskara eta interes sozialak interes politiko guztien gainetik jartzen jakin izan dugu. Honekin batera, argi eta garbi adierazi nahi dugu Bilduk ezarri duen betoa ezingo dela datorren urtean errepikatuko, neurriak hartuko ditugula”.

Eusko Alderdi Jeltzaleak, Zorione Etxezarraga batzarkideak azaldu duenez, gairi buruzko galderak sartuko ditu Batzar Nagusietan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube