Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/05/20

Eibar Kirol Elkartea kiroltasunaren eta enpresa-kudeaketa onaren eredu da

Eibarko alkatetzarako hautagai den Eva Juezek adierazi du ez dela bidezkoa egungo espainiar legediaren ondorioz elkartea hain egoera zailean egotea etxeko lanak ezin hobeto egin dituztenean. Horregatik, Eibarko EAJ-PNVk Isabel Sánchez Robles kongresuko diputatu jeltzalearekin batera ekimen bat landu du eta diputatuak berak ekimenaren berri eman du Eibarren
Eibar Kirol Elkartea kiroltasunaren eta enpresa-kudeaketa onaren eredu da

Eibarko zinegotzi eta alkatetzarako hautagai den Eva Juezek prentsaurrekoa eskaini du gaur EAJ-PNVko kongresuko diputatu Isabel Sánchez Roblesekin batera 1251/1999 errege-dekretuaren ondorioz Eibar Kirol Elkartearen egoera zein den azaltzeko, Kirol Sozietate Anonimoen inguruan hitz egiteko eta baita Eibarko EAJ-PNVko zinegotzien eta diputatuaren arteko hilabeteetako lanaren eta lankidetzaren berri emateko ere.

Eva Juez bozeramaileak Eibar taldeak bizi duen egoera deitoratu du eta adierazi du “ez dela bidezkoa egungo espainiar araudia dela eta taldea egoera honetan egotea etxeko lanak ezin hobeto egin dituztenean”.

Jeltzaleek ekimen bat aurkeztu dute Diputatuen Kongresuan eta Miguel Cardenal Kirol Goi Kontseiluko Presidenteari araudiaren berrirakurketa egitea edota araudia bera aldatzea proposatu diote. Helburua da kapital minimoa ezartzeko erreferentzia gisa erakundearen aurrekontua hartzea eta ez kategori bereko taldeek duten bataz-besteko gastua, talde asko zorpetuta baitaude.

Sanchez Roblesek ziurtatu du Eibar taldea “izugarrizko ahalegina egiten ari dela” errege-dekretuak ezarritako kapital handikuntza lortzeko, eta ondorioz, taldea “oso egoera korapilatsuan dago”. Egun, soilik, eskatutakoaren %28a, lortua dute, hau da, 1.700.00 eurotik 479.350 € bakarrik lortu dituzte. Gainera, “beren filosofia eta borondatea jarraituz gustukoak ez diren akziodunak sartzea saihestu nahi dute” gaineratu du.

Sanchez Roblesek baieztatu du araudi honek “bidezkoak ez diren egoerak eragin dituela, legegileak hori lortu nahi ez bazuen ere”. “Eibarko Kirol Elkartearen kasuan, ekonomikoki osasuntsu dagoen talde baten bideragarritasuna kolokan jarri da” azaldu du diputatuak, eta “ kudeatzaile politikoen eta legegileen lana da araudietan sortzen diren doikuntzak zuzentzea”, horregatik “Miguel Cardenali eskatu diogu lehenbailehen arazoari irtenbidea emateko, dagokion oreka eta normaltasunaren baitan, taldeak bere etorkizunari aurre egin ahal izateko ” gaineratu du. EAJ-PNVk konpromisoa lortu du Madrildik Eibarrek futbol profesionalean jarraituko duela baina jeltzaleek diote gainean egongo direla hori errealitate bihurtu dadin. Eva Juez eta Isabel Sánchez Roblesek animatu egiten dute jendea akzioak erosi ditzan, ez eibartarrak bakarrik, euskaldun guztiak baizik, bide hau ezin bai da alde batera utzi.

Datozen hauteskundeetan Eibarko alkatetzarako hautagai den Eva Juezek adierazi du Eibar Kirol Elkartea ospe eta garrantzia handiko erakundea dela herrian, izan ere, Eibarren izen ona eta prestigioa zabaldu du taldeak non nahi, eta ez hori bakarrik, kiroltasunaren eta kudeaketa onaren eredu ere bada. Horregatik, Juezek eremu politikotik taldeari eskaini diezaiokeen laguntza osoa emateko konpromisoa hartu du.

Azkenik, Isabel Sánchez Robles kongresuko diputatu jeltzaleak gogorazi du Eibar Kirol Taldea 27.500 biztanle dituen herri bateko futbol taldea dela eta bertako gizarte masa, Eibarko eta inguruko

udalerrietako langileez osatua dagoela. Halaber azpimarratu du, gogoan izan behar dela Eibarko industri guneek krisiaren eragin handia jasan dutela eta aurrera egiteko ahalegin handia egiten ari direla. Ondorioz, Eibarren kasua ezin da alderatu biztanle gehiago dituzten udalerri handietako erakundeei egindako eskakizunekin, horregatik, diputatu jeltzaleak Kirol Goi Kontseiluko Presidenteari jakinarazi dio “EAJ-PNVk gertutik jarraituko duela gaiaren bilakaera”

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube