Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/05/17

Inoiz baino beharrezkoagoa da proiektu politiko propio eta ezberdina edukitzea

GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, Euskadik proiektu politiko propio eta ezberdina edukitzearen beharra nabarmendu du Donostiako Kursaalen eginiko ekitaldian. “Geure etorkizuna bermatzeko, herri honetan oinarritutako proiektu politiko propioa behar dugu, pertsona guztiak errespetatuko dituena eta justizia soziala aplikatuko duena”, adierazi du.
Inoiz baino beharrezkoagoa da proiektu politiko propio eta ezberdina edukitzea

Egibarrek aurreratu du EAJk proposamen zehatzak jarriko dituela mahai gainean, orain arte egin duen bezala. Ildo horretan, azken hamarkadetan euskal industriaren alde eginiko apustua berretsi du eta baita erabakitzeko eskubidearen defendatzeko beharra ere. “Duela urte batzuk independentziaz hitz egiten genuenean, alderdi batzuei ilargira bidaiatzeko eskatzen geniela zirudien, baina, gauzak aldatu dira. Horren adibide da PPk eta UPyDk independentziaren kostua aztertuko duen txostena eskatu izana Legebiltzarreko Autogobernuaren Ponentzian”, esan du.

Burukide jeltzaleak Ibarretxe lehendakariak egiten duen beste ariketa bat proposatu du, Euskal Herriari Espainiarekiko dependentzia zenbat kostatzen zaion aztertzearena, alegia. “Zenbat kostatzen zaigu dirutan osasuna, ekonomia, gizarte segurantza eta beste hainbat eta hainbat alorretan inposatzen diguten dependentziak? Aztertuko bagenu emaitza argia litzateke: inoiz baino beharrezkoagoa dela proiektu politiko propio eta ezberdina edukitzea”, ondorioztatu du.

Helburu hori lortzeko bidean, Europako hauteskundeek berebiziko garrantzia dutela berretsi du Egibarrek. “Euskaldun eta abertzale batentzat hauteskunde guztiak dira garrantzitsuak. Agian iritsiko da Estatu bilakatukaren eguna eta Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan parte hartuko ez duguna, baina, bitartean, hauteskunde guztietan egon behar gara erabakiak hartzeko lekuetan presentzia behar dugulako”, azaldu du.

Beste behin ere, nabarmendu du EAJ dela euskaldunen interesak European defendatuko dituen indar politikoa. “Guk defendatzen ez baditugu, nork defendatuko ditu gure interesak? Madrileko batek? Andaluz batek? Nork defendatuko du kontzertu ekonomikoa, euskara, euskal nortasuna? PSOE eta PPk? Beste indar bat badago, baina ez dakigu Europan dauden ala kanpoan”, erantsi du ezker abertzaleari bide politiko eta demokratikoetara eginiko bidean “ongi etorria” emateko.

Hori esanda, hautesleei hilaren 25ean Izaskun Bilbaoren aldeko bozka emateko eskatu die, bera izango baita euskaldunon benetako interesak defendatuko dituen bakarra.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube