Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/05/13

Nekazal sektorea babesteko eta ekonomikoki suspertzeko beharra azpimarratu du Iridoyk

San Isidro eguna gerturatzen ari dela aprobetxatuz, Xabier Iridoy hiriko baserri batera hurbildu da gaur goizean lehen sektoreak bizi duen egungo egoera eta landa inguruneetan garatzen den jarduera zuzenean ezagutzeko. EAJ-PNVko zinegotzi eta Uri Buru Batzarreko kideez lagunduta, bozeramaile jeltzaleak adierazi du «nahiz eta Irun udalerri tertziarioa izan, ezin dugu ahaztu hiriko nekazal eremuetan gauzatzen den jarduera.
Nekazal sektorea babesteko eta ekonomikoki suspertzeko beharra azpimarratu du Iridoyk

Bisitaldian zehar, ekonomiaren suspertzeak EAJ-PNVren hiri-proiektuan duen garrantzia azpimarratu du Iridoyk, «lehenengo sektorean ere lortu nahi dugun susperraldi ekonomikoa. Hain zuzen ere, baserritarren errealitatea, dituzten beharrak, kezkak eta ardurak ezagutzeko hurbildu gara gaur baserri batera» azaldu du zinegotzi abertzaleak. «Eragile sozial eta ekonomikoekin burutzen ari garen bileren eta topaketen baitan, gure kulturaren eta ekonomiaren parte den sektorea babesteko eta indartzeko, baserritarren eskaerak eta proposamenak ere ezagutu nahi izan ditugu» jarraitu du.

«Gaur goizeko topaketan hiritarrek tokiko produktuak kontsumitzeko garrantziari buruz kontzientzia hartzearen beharra helarazi digute, horrek ekonomiaren suspertzea, gure nekazal ingurunea baldintza ezin hobeetan mantentzea, eta ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko gertutasuna dela eta, CO2-aren isurpenak murriztea dakartzalako» azaldu du Iridoyk.

Halaber, landa inguruneek hiriari eta gizarteari egiten dioten ekarpena onartu du bozeramaile abertzaleak, eta abeltzaintzako instalazioak berritzeko eta hiritarrei produktu osasuntsu eta kalitatezkoak eskaintzeko baserritarrek duten gaitasuna eta egindako ahalegina nabarmendu du. «Krisiak lehenengo sektoreari ere eragin dio; baliabide eta diru-laguntza gutxiago dago makinerian inbertitzeko, produktuen kontsumoa aldatu egin da, belaunaldi-erreleboaren arazoari aurre egin behar izaten diote, etab. Hala ere, askok beren nortasuna eta bizimodua nekazaritzari eta abeltzaintzari lotuta mantentzearen aldeko apustua egiten dute» adierazi du.

EAJ-PNVko bozeramaileak bisitaldia aprobetxatu du Olaberriako Bailararen babeserako Plan Bereziaren aldeko apustua berresteko, non ingurumenaren aldeko defentsaren eta baserritarren erabilera tradizionalen −nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza− arteko beharrezko oreka nagusitu dadin. Landa ingurunearen eta hirigunearen arteko bretxa ekiditeko, azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak bermatzeko beharra azpimarratu du. Horren harira, EAJ-PNVk 2013an auzo-bideak hobetzera bideratutako partidari 44.000 euro gehitzea proposatu zuen −udal gobernuak aurreikusitako 6.000 euroak nahikoak ez zirela kontuan hartuta−.

Era berean, Irungo Udalak Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin batera, Olaberria, Meaka, Ibarla, Behobia, Txenperenea eta Ventasko landa eremuetarako eskaintzen duen eskaera azpiko garraio publikoaren zerbitzua aipatu du Iridoyk. «Hirigunetik urrun dauden gune horietan bizi diren pertsonen leku-aldatzeak errazteko beharrezko zerbitzua da» baietsi du. Azkenik, Irungo nekazal eremuek beren nortasuna eta idiosinkrasia mantendu dezaten, esku-hartzeak bultzatzeko bere konpromisoa agerian utzi du Xabier Iridoyk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube