Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Aitor Gorrotxategi izango da EAJ-PNVren hautagaia Azpeitiko alkatetzarako
Azpeitiko EAJ-k prentsaurrekoan aurkeztu du Aitor Gorrotxategi, 2015ean egingo diren udal hauteskundeetako alkatetzarako hautagai moduan. Joan den asteartean, maiatzak 6, Batzokian egin zen batzarrean, alderdikideek aho batez onartu zuten Gorrotxategiren hautagaitza eta alderdi jeltzaleak azpeitiarrei, beraien konfidantza lortzeko, aurkeztuko dien taldearen buru izango da.Pello Elorzak, Azpeitiko EAJ-ren UBBko presidenteak, eskertu egin dio Aitor Gorrotxategiri egoera berri honetarako erakutsi duen prestutasuna eta jarrera ona, eta azpimarratu egin du azken urteotan zinegotzi moduan Azpeitiaren eta azpeitiarren alde oposiziotik egiten ari den lana. Horrez gain, bere lana eta ekarpenak azpimarratu ditu, eta “zuzentasuna, seriotasuna eta akordioak lortzeko beti zabalik izan duen eskua, batzuetan desadostasunaren eta kritikaren bidetik, baina beti ere, bere oinarri eta irizpideei eta hartutako konpromisoei leial izanik. Oraingoak bezalako uneetan, jarduera politikoa hain gutxietsia dagoenean eta zenbaitetan korrupzioaren sinonimo denean, Gorrotxategik duen giza-kapitala, pertsona moduan eta lan arloan izan duen ibilbidean ondo frogatua, da bere bermerik onena”.
Horrela, adierazi du “ezagutzen dutenek ondo baino hobeto dakitela Aitor Gorrotxategi pertsona dialogozalea eta irekia dela, azpeitiarrengandik hurbil dagoena, kudeaketarako gaitasun handia duena, udal gaiak ondo ezagutzen dituena eta administrazioaren funtzionamendua ere bai. Jarrera sektarioetatik urrun egongo den emakume eta gizonen talde baten buru izango da, eta une hauetan ezker abertzalearen esku dagoen gobernuaren alternatiba izango da. Gorrotxategi prest dago Azpeitiko Alkate izateko” azpimarratu du Elorzak.
Aitor Gorrotxategik, bere aldetik, publikoki eskertu du bere Alderdiak eman dion apoioa, eta zerrendaburu izateko alderdikide jeltzaleek beregan jarri duten konfiantza. “Ilusioz, gogo-gogoz eta erantzukizunez hartzen dudan erronka da, eta bizitzen ari garen garai larrien jakinean izanik. Pertsonak, haien duintasuna eta ongizatea dira, eta izango dira, gure proiektuaren ardatz nagusi eta erdi-erdikoa. Azpeitiarren benetako arazoei erantzutea lehenetsiko duen proiektua. Nahi duguna da Udala, batik bat, udal kudeaketaren motorra izan dadila, eta ez eduki politikoko mozio etengabeen eztabaidarako foro hutsa. Uste dugu Azpeitiak aldaketa bat behar duela”.
Alde horretatik azpimarratu du Azpeitiak gobernu onean oinarritutako politika publikoak behar dituela, sinesgarriak eta herritarrengandik hurbil daudenak, eta planifikazio zehatz eta zorrotz batekin eginak, krisiari modu partekatuan egiteko aurre, eta ongizatearen etorkizuna bermatzeko. “Gure herriak ikuspegi politiko integratzailea behar du, sektarismoetatik urruti, eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kultura politikoa”.
Amaitzeko, aurreratu du oinarri horiekin “oraintxetik bertatik” osatuko duela “lantalde bat, Azpeitiak dituen behar eta erronkak aztertzeko, eta aterako diren ondorioak Azpeitiko gizarteko eragile eta sektoreekin kontrastatuko ditugu, haien ekarpenak ere jasotzeko”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31