Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/04/29

Santanok Udalbatzara proposamen itxia eramatea salatu du Iridoyk

Inbertsioetarako udalak dituen baliabideak ezagutzera emateko orduan gardentasuna eskatu dio bozeramaile jeltzaleak alkateari.

Iridoyk ohartarazi du Santanok egiten duen baliabide ekonomikoen dosifikazioak ez diola zuhurtasun jarrerari erantzuten, etekin mediatikoari baizik.
Santanok Udalbatzara proposamen itxia eramatea salatu du Iridoyk

EAJ-PNV Udal Taldeak bere etsipena erakutsi nahi izan du Jose Antonio Santano alkateak biharko Udalbatzara eramango duen 3,4 milioi euroko kreditu aldaketan izan duen jarrera dela eta. Xabier Iridoy bozeramaile jeltzaleak adierazitakoaren arabera, «berriro ere udal gobernuaren proposamen itxi baten aurrean aurkitzen gara, aldaketak egiteko, zein esku-hartze lehenetsi behar diren eta erabilgarri dugun dirua zertara bideratu dezakegun eztabaidatzeko eta negoziatzeko aukerarik gabe». Zinegotzi abertzaleak deitoratu du hau ez dela lehenengo aldia kreditu aldaketa baten aurrean Santanoren jarrera salatzen dutena, eta joan den urteko azaroan, bere taldeak oposizioko taldeen iritziak kontuan hartuz, formula parte-hartzaileagoa bilatzea aldarrikatu zuela gogorarazi du.

Halaber, Iridoyk gardentasuna eskatu dio alkateari. «Aurrekontua egitean edo kreditu aldaketa bat onartzean lehentasunak ezartzen ditugu. Hau da, erabilgarri ditugun baliabideen arabera, zein esku-hartze lehenetsi behar diren erabakitzen du Udalbatzak, eta horretarako, ezinbestekoa da baliabideak ezagutzea, lehenesteko ariketa hori zuzen eta irizpideekin egiteko. Haatik, udal gobernuak gai honetan ez duela gardentasunez jokatzen ikusten dugu» azaldu du Iridoyk.

Baliabide ekonomiko erabilgarriak udal gobernuak Osoko Bilkurara eramango dituenak baino handiagoak direla azpimarratu du bozeramaile abertzaleak. Jada, badakigu eta ofiziala da Eusko Jaurlaritzak 2014ko aurrekontuetatik hiru milioi euro baino gehiago bideratu dituela Irunen esku-hartzeak kofinantziatzeko. Bihar, alkateak 750.000 euro bakarrik eramango ditu Udalbatzara kreditu aldaketarako. Gainera, badakigu 2014an San Miguel-Anakako esku-hartzearekin lotutako gastuak Udalbatzara aurkeztutakoak baino handiagoak izango direla.

Horren harira, eta gobernu sozialistak maiatzako Udalbatzara eramateko asmoa duen proposamenari erreferentzia eginez, kreditu aldaketen jario honek zer zentzu duen galdetu du Iridoyk. «Ez da zuhurtasuna, eta ez da hiriaren interesarengatik egiten. Dosifikazio honek alkateak bilatzen duen etekin mediatikoari besterik ez dio erantzuten» baietsi du.

Hala ere, gobernuak biharko Udalbatzara eramango duen proposamenaren alde egingo du EAJ-PNVk, irundarren ongizatea hobetuko duten esku-hartzeak direlako. «San Miguel-Anakako kasuan bezala, berehalako irtenbideak behar dituzten esku-hartzeak daudela uste dugu, urteak baztertuta daramatzatenak, eta bizilagunen aurrean horretan lan egiteko konpromisoa hartu dugu. Halaber, Artalekurako irisgarritasuna hobetzeko moduak aztertzeko gure taldeak egin zuen proposamena jasotzen da, Luis Mariano kiroldegiarekin lotuko lukeen igogailuaren proiektua idazteko partida batekin zehaztuz. Azken finean, aurkezten den edukiarekin ados gaude, baina Santanok oposizioko taldeak kontuan gehiago eduki beharko lituzkeela deritzogu» amaitu du Xabier Iridoyk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube