Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/04/29

2016: ezaren gudaz baietza sortuz, beti aurrera joatea
Miren Azkarate

Eman diezaiegun, beraz, zabalkundea oraintsu onartutako ildo nagusi horiei, San Juan baleontziaren errepika egiteari, 2016ko espirituarekin guztiz bat datorren Mugalariak egitasmoari: Donostia 2016k, Donostia Kulturak, Errobiko mankomunitateak eta Euskadi-Akitaniak bultzaturik, sortzaileen, kultura-ekipamenduen eta hiritarren arteko elkarreragina sustatuko duten proiektuak babesteko ekimenari.
2016: ezaren gudaz baietza sortuz, beti aurrera joatea<br>Miren Azkarate

Bi hilabete dira, orrialde hauetan argitaratu zen azken artikuluan, 2014a Kulturaren urtea izan daitekeela aldarrikatuaz hitzok idatzi nituela: "guztiz garrantzitsuak izango dira hurrengo hilabeteak Donostiak 2016an Europako Kultura Hiriburu izateko egin beharreko bidean". Orduan aipatu nituen irabazle gertatu zen egitasmoan hiru itsasargiei atxikirik zeuden edukietako batzuk. Proiektu konkretuen bidez gauzatu behar dira, jakina, eduki horiek, gorpuztu. Horretan jardun zuen 2013ko irailaz geroztik hautaketa prozesu luze samarraren ondorioz aukeratutako lantaldeak eta jakin-minez geunden proiektu horiek ezagutzeko. 2016ko Fundazioa martxoan egitekoa zen bileran aurkeztuko zituzten proiektu nagusiak, bost bat, esan zitzaigunez; eta hortik aurrera, ekainaren amaiera alderako, programa zehaztuta egongo zen ia. Osatua zegoen dagoeneko Donostiako Udalaren barruan batzorde teknikoa, 2016ko Bulegoko taldeak abian jarriko zituen proiektuek hirian sortuko zituzten eskakizunei behar bezala erantzuteko ardura izango zuena (Plan Estrategikoko arduradunak, Turismokoak, Sustapenekoak, Donostia Kulturakoak…). Pozik atera ginen Donostiako Udalaren 2016ko Batzorde Suntsikorreko bileran batzorde teknikoko arduradunak emandako azalpenak entzun ondoren: bazirudien bide onetik gindoazela, hasiak zirela pentsatzen nola prestatu beharko zuen hiriak 2016an bisitatuko gintuzten turistei erantzuteko; ekitaldi jendetsuak antolatzen zirenean sor zitezkeen mugikortasun arazoei aurre egiteko; tour operadoreekin batera, 2016a iritsi baino lehen, programa zehaztu ahala, horren zabalkundea egiteko, pakete turistiko erakargarriak eskaintzeko… Gai asko aipatu ziren eta oposizioko taldeok ere geure ekarpenak egin genituen. Udal Gobernuko arduradunek eta 2016ko egitasmokoek, alkatea buru zutela, Japoniara egindako bidaia ere berri ona zen. Berriro diot, ustez, bide onetik gindoazen. Baina, usteak erdia ustel, zapuztu egin ziren handik gutxira gure usteak eta esperantzak. Urte eta erdi luzean ardura garrantzitsuak izan zituzten Eva Salaberria, Fernando Bernues eta Igor Otxoa alde egiten ikusi genituen tantaka bata bestearen ondoren. Bagenekien lantalde berrian ere bazirela arazoak, baina pentsatzen genuen Fundazioa osatzen duten lau erakundeak gai izango zirela irtenbidea aurkitzeko. Hitz batean, zailtasunak zailtasun, bagenuen itxaropena.

Baina, hizpide, kezka-iturri eta berri txarren sortzaile bihurtu zen beste behin ere 2016ko egitasmoa. Hasteko, Fundazioko Patronatua bildu aurreko egunetan gertatutako filtrazioak egonezina sortu zuen, berez erakundeei zegokielako lehenik proiektu horien proposamena entzun, aztertu eta, hala bazegokion, onartzea; horren ordez, egunkari ezagun batean irakurri ahal izan genituen handik bi egunera Fundazioko kideek aztertu beharrekoak zirenak. Hortik aurrera, haize, euri, ekaitz, trumoi… erauntsi moduan etorri ziren berriak bata bestearen ondoren. 2016ko Hiriburutza izan zen egunkari, albistegi eta tertulietako protagonista handietako bat hiruzpalau egunez, eta ez onerako. Aste horretako izenburuetako batzuk hona ekarriaz, "Donostia 2016ko Kultura Hiriburu izendatu zutenetik gertatutako krisirik latzena" izan zen apirilaren lehen egunetakoa; "hiritarren olatu-talka erakundeen ziklogenesi bihurtu zen eguna" izan zen apirilaren 1a; aste tragikoa, aste beltza izan zen apirileko lehen astea, eta abar. Guztien ahotan, kritika latzak edo umore beltzez jositako irakurketak izan zituen hurrengo egun eta asteetan Kultura Hiriburutzaren egitasmoak. Zurrunbilo horrek irentsi zituen apirilaren 1eko bileran Patronatuak onartutako ildo nagusiak.

Zer egin horren aurrean? Bi bide ikusten ditut nik. Bata, errudunen bila hasi, bata bestearen kontra jardun, kritikaz kritika ibili agintari, arduradun eta oposizioko taldeak ere gogor astinduaz. Tentazio handia izaten da gauzak gaizki doazenean horrela jokatzea. Baina, zer irabazten da? Batzuek beharbada barruan zeramaten egonezina hustu; beste batzuek, ustez, arerio politikoa ahultzeko ahaleginean pauso txiki bat eman. Eta Kultura Hiriburutzak zer irabazten du? Ezer ere ez; izatekotan, okerragora egin. Hori al da nahi duguna? Nik, behintzat, ez. Donostiako EAJ/PNV udal taldeko zinegotziek ere ez. Beharrezkoa da kritika egitea, besteak beste, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Baina, horrekin batera, neure egiten dut, geure egiten dugu, Fundazioa osatzen duten lau erakundeek azaldutako konpromisoa 2016ko egitasmoa sustatzen jarraitzeko; Uriarte sailburuak adierazi bezala, irtenbidea proiektua indartzea delako. Kulturaren munduan ere bat etorri dira asko eta asko: garaiz gabiltza oraindik herritarren inplikazioa lortu eta Kultura Hiriburutzari behar duen neurria eta tamaina emateko. Baina bi eskakizun egin dituzte, gardentasuna eta parte hartzea.

Bigarren bide hori da zuzena, nire iritziz, Urkullu lehendakariak argi adierazi zuena. Kezka bai, baina kezkaren gainetik, mezu baikorra: oraindik badago astia, garaiz gabiltza lau erakundeak bat harturik, alderdikeriak baztertuaz, Donostia 2016an Europako Kultura Hiriburuetako bat izateak duen balioa aintzat hartu eta Euskal Herri osoarentzat onuragarri bihurtzeko. Donostia izango da Kultura Hiriburu, baina Donostiaren bitartez herri oso baten kultura, hizkuntza, bizikidetzarako ahalegina, indarkeriarik eza eta adiskidetzea, aniztasunean oinarrituriko berdintasuna, bizitza osasungarri eta solidarioa; lurraldea, hirigintza, hiria eta natura eta beste hamaika gai erakutsi behar dizkiogu Europari. Donostiaren eskutik, Europako hizkuntza eta kultura gutxituekin nazioarteko sare iraunkorrak osatzea dugu erronka eta eginkizun. Herri edo, nahiago bada, nazio proiektua da 2016a. Herri oso baten ordezkaritza izango du Donostiak hurrengo hilabeteetan egin beharreko bidean, 2016an zehar eta baita ondorengo urteetan ere. Eta horrek esan nahi du abian jarriko diren proiektuek kontuan hartu behar dituztela gainerako lurraldeak ere: lankide eta partaide sentitu behar dute, neurri batean behintzat, Bizkaiak, Arabak, Nafarroak eta Iparraldeak.

Eman diezaiegun, beraz, zabalkundea oraintsu onartutako ildo nagusi horiei, San Juan baleontziaren errepika egiteari, 2016ko espirituarekin guztiz bat datorren Mugalariak egitasmoari: Donostia 2016k, Donostia Kulturak, Errobiko mankomunitateak eta Euskadi-Akitaniak bultzaturik, sortzaileen, kultura-ekipamenduen eta hiritarren arteko elkarreragina sustatuko duten proiektuak babesteko ekimenari.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube