Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/04/24

Irundarren ongizatearen hobekuntzan eta ekonomiaren suspertzean oinarritutako hiri-proiektua aurkeztu du Iridoyk

Eremu degradatuak berreskuratzearen eta mugikortasuna, irisgarritasuna, aparkalekuen arazoa, ekipamendu falta eta segurtasun-eza hobetzearen aldeko apustua egin du EAJ-PNVko bozeramaileak.

Proiektu irekia, dinamikoa eta parte-hartzailea da; jeltzaleek hainbat gizarte eragileekin lan egingo dute behin betiko proiektuan agertuko diren ideiak kontrastatu eta partekatzeko
Irundarren ongizatearen hobekuntzan eta ekonomiaren suspertzean oinarritutako hiri-proiektua aurkeztu du Iridoyk

Xabier Iridoy EAJ-PNV Udal Taldeko bozeramaileak EAJ-PNVren hiri-proiektuaren lerro nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. «Joan den astean aurreratu genuen bezala, pertsonak dira gure proiektuaren ardatz nagusi eta testuinguru ekonomiko zail honetan beren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzearen alde lan egingo dugu. Oso gogoan dugu Irunen langabezia tasa %18,4-koa dela, 5.399 langabeturekin, eta horregatik, enpleguak eta ekonomiaren suspertzeak lehentasuna dute gure hiri-proiektuan» adierazi du zinegotzi jeltzaleak. Horren harira, EAJ-PNVk konpromiso argia du ekonomiaren berrindartzean. «Udalak gehiago inbertitu beharko lukeela deritzogu, mugimendu ekonomikoa sortzeko, tokiko ekonomiaren dinamizazioan funtsezko pieza dela uste baitugu» baietsi du tokiko enpresei esleitu daitezkeen obra txikiei erreferentzia eginez. Halaber, hiri-merkataritza eta honek betetzen duen funtzio soziala babeste aldera, elkarlan publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du Iridoyk.

Hiria behar berrietara egokitzearen eta irundarren bizi kalitatea hobetzearen garrantzia azpimarratu du Iridoyk. «Pertsonak gure hiri-proiektuaren ardatz badira, ezinbestekoa da haiekin hurbileko harremana izatea, beren beharrak entzun eta eskaerei erantzunak eskaintzeko. Ez du zertan obra handirik izan behar; askotan, esku-hartze txikiek hiritarren eguneroko bizitza nabarmen hobetzen dute». Zentzu horretan, EAJ-PNVk auzoekin duen konpromisoa ekarri du gogora, eta eremu degradatuak berreskuratzeko, eta mugikortasuna, irisgarritasuna, aparkaleku arazoa, ekipamendu falta eta segurtasun gabezia –hala puntu beltzetan, nola bestelako gaietan− hobetzeko proposamenak egiten jarraituko duela adierazi du.

Azkenik, proiektu irekia, dinamikoa eta parte-hartzailea dela azaldu du bozeramaile abertzaleak. «Gizartean ematen diren etengabeko aldaketek proiektua sortzen diren beharretara egokitzera derrigortzen gaituzte, eta gainera, gure ideiak irundarrekin eta hiriko gizarte eragile desberdinekin kontrastatu eta partekatu nahi ditugu». Gauzak horrela, EAJ-PNVk “0 proiektua” prestatu du eta auzo, kultur, kirol elkarteekin jada lanean hasi da, aurkeztutako proiektuari erantzunez sortzen diren planteamenduak entzuteko xedearekin. «Behin betiko proiektua egiteko fase hau ezinbestekoa dela uste dugu. Jada, elkarteekin bilera batzuk egin ditugu, non gure proiektua aurkeztu diegun eta beren iritzi eta ekarpenak helarazi dizkiguten. Horiek guztiak kontuan izango ditugu azkeneko proiektua egiteko orduan» amaitu du Xabier Iridoyk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube