Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/04/16

Xabier Iridoy alkatetzarako hautagai aukeratu du aho batez EAJko batzarrak

Talde jeltzaleko egungo udal bozeramaileak agintaldiko hiru urte hauetan egin duen oposizio eraikitzailea azpimarratu du Lourdes Larraza Irungo alderdiko presidenteak. Halaber, Iridoyk Irunen eta irundarren alde lan egiteko erakutsi duen seriotasun, zintzotasun eta ardura nabarmendu ditu, ekimen desberdinen bitartez, hiria hobetzeko gaitasun eta eraginkortasunarekin batera. «Xabier Iridoy elkarrizketarako irekia da, hurbila, talde lanaren defendatzailea eta langile nekaezina. Freskotasuna eta kudeaketan esperientzia ekartzen ditu eta gobernu sozialistaren alternatiba izango den talde baten buru izango da. Irun gobernatzeko prest dago» baietsi du.
Xabier Iridoy alkatetzarako hautagai aukeratu du aho batez EAJko batzarrak

Bestalde, bere alderdiarengandik jasotako babesa eta datozen udal hauteskundeetan EAJ-PNVko zerrenda-buru izateko alderdikideek beregan jarri duten konfiantza publikoki eskertu ditu Xabier Iridoyk. «2011 urtean bezala, ilusioz eta gogo askorekin egingo diot aurre erronka garrantzitsu eta polit honi» adierazi du. «Pertsonak dira gure hiri-proiektuaren ardatz nagusiak; hain zuzen ere, ekonomiaren suspertzean eta irundarren bizi kalitatea hobetzean oinarritutako hiri-proiektuarenak. Hiru urteotan hiri-proiektu horretan oinarritutako hainbat ekarpen eta proposamen egin ditugu, eta norabide horretan lanean jarraituko dugu» ziurtatu du.

Udaletxean egindako lanaren baitan, kalean, hiritarrei entzunez eta beren behar eta arazoei irtenbidea emanez, agintaldi honetan egindako lana nabarmendu du Iridoyk. «Une oro, hiritarren zerbitzura egoten ahalegindu naiz, oposiziotik ditugun aukera eta eskumenen barruan nire babesa eta laguntza erakutsiz». Horretaz gain, jeltzaleak egiten ari diren talde-lana azpimarratu du eta udaletxetik kanpoko lana eta zinegotziarena uztartuz EAJ-PNVko hautetsiek erakutsi duten prestutasuna eta konpromisoa goraipatu ditu.

Azkenik, hiriaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Iridoyk. «Urguilua da niretzat Irunen alde lan egitea eta EAJ-PNVn prest gaude horretarako» amaitu du hautagai jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube