Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/04/15

Tolosarren mobilizazioa ezinbestekoa izan da Bilduk edukiontzien aldeko erabakia hartzeko

Tolosako EAJk tolosarrak zoriondu ditu herriaren mobilizazioarengatik eta 7.000 sinadura biltzeagatik. Bestela, inguruko udalerrien egoeran egongo litzateke. “Zorionez, EAJk proposatutako bidea hartzen hasi da Bildu-Aralar, tolosarren gehiengoak hautatutakoa. Uste dugu aldaketaren arrazoia erabat ´elektoralista´ izan dela, datozen urteko udal hauteskundeetara begiratuz”
Tolosarren mobilizazioa ezinbestekoa izan da Bilduk edukiontzien aldeko erabakia hartzeko

Olatz Peonek, EAJren izenean gogoratu du “lehenengo aldiz Gipuzkoako diputatu nagusia izan genuen, Tolosan ere atez-ateko sistema jarriko zenaren iragarkia egin zuena. Gero, Tolosako gobernu taldeak prentsaurrekoa eman behar zuen bezperan, Ainhoa Beola batzarkideak iragarri zuen Tolosan hondakinen inguruan ustezko “akordio” bat egongo zela. Tartean, figura politiko bat jarri dute Mankomunitatean egun osoz liberatuta bilketa sisteman aldaketak egin ahal izateko eta Tolosako Udalak Ingurugiroko Teknikaria kontratatu du Tolosan atez-ateko sistema jartzeko”.

“Hala ere hiru urte galdu ditugu eta diru publikoa era okerrean gastatu da. Bakarrik Idemaren txostena egiten 18.000€ gastatu dira eta oraindik ez dizkigute esan zenbat gastatu den, Garbitanian, Sporan edota egindako bidaietan”, adierazi du bozeramaleak.

Bildu-Aralarrek egindako proposamenaren `aldebakartasuna´ nabaritu du Olatz Peonek eta esan du: “Inoiz ez da egon adosteko asmorik, ez da eztabaidarik egon ezta aldaketarako aukerarik ere”. Bilketaren maiztasuna dela eta defendatu du “lehendabizi herritarra informatu eta formatu behar da eta bilketak eramango gaitu maiztasunak zuzentzera. Maiztasunak ez du zerikusirik sailkapena ondo egitearekin, bilketa kostuarekin baizik”.

Halaber, Bildu-Aralarreko gobernu taldeak, errefusa eta organikoa jasotzeko edukiontzi txikiagoak jarriko dituela iragarri ondoren, zinegotzi jeltzaleak galdetu du: “Edukiontziak hondakin frakzio batzuk biltzeko baliagarria bada, zergatik ez organikoentzat? Zergatik bilketa garestitu, merkatu baliteke? Egun gauden egoera ekonomikoa kontutan hartuta, ez da komeni diru baliabide gehiago erabiltzea, berrerabili ditzagun egun ditugun edukiontziak eta egokitu. Hobe du Tolosako udalak premia duten tolosarrei laguntzak emateko edo enplegua sustatzeko erabiltzea kopuru horiek. Gaur egungo egoera ikusirik non ditu bada gobernu talde honek bere lehentasunak? Ez dugu ulertzen zer nolako arazoa dagoen egungo edukiontziak egokitu eta erabiltzeko, baita ere Mankomunitateak soberan dituenak” .

Olatz Peonek nabarmendu eta puntu larritzat hartu du esanez: “ ezin da proposamen bat egin mehatxu baten pean, 2015. urtean atez-atekoa ezarriko duten mehatxupean. Ez ote da hobeto zailtasun gehiago izan ditzaketen herritarrei laguntza eskaini eta denak batera lanean aritzea ahalik eta sailkatze egokiagoa egiteko?” Horrela, udal gobernuari leporatu dio ez duela pertsonengan sinesten eta irizpide ideologikoak pertsonen gainetik jartzen dituela. “Uste dugu hondakinak biltzeko ereduaz baino gehiago gobernatzeko eraz hitz egiten ari garela. Guk behintzat garbi daukagu: beste ezeren gainetik pertsona dugu helburu” eta Tolosako udalak hondakinen inguruan egindako kudeaketari dagokionez “zero bat lortu du gertutasunean, gardentasunean eta eraginkortasunean” .

Amaitzeko birziklapenaren aldeko aldarria egin du: “hondakinak sailkatu nahi ditugu, ahalik eta birziklapen kopuru handienak lortzeko”

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube