Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Txingudi Badiako hiru udalerriak bizikleta bidez lotzeko planari babesa eman diezaion eskatuko dio EAJk Foru Aldundiari
Irungo EAJ-PNV Udal Taldeak mozioa erregistratuko du datozen egunetan Hendaia eta Hondarribia lotuko dituen bizikleta bidearen planean Gipuzkoako Foru Aldundia inplikatu dadin eskatuz. Xabier Iridoy bozeramaile jeltzalearen hitzetan, «Txingudi badiako hiru udalerriak lotuko dituen proiektua garrantzitsua da, eta erakunde guztiek −Irungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak− babestu behar dutela deritzogu». Gainera, Hondarribia eta Hendaiako hondartzak gure hiriaren bitartez lotuz eta Irungo auzoen arteko lotura erraztuz, proiektuak Irungo eta eskualdeko mugikortasunean ekarriko duen aurrerapena azpimarratu du.Joan den ostiraleko hiriaren egoerari buruzko eztabaidan, Udalbatzak plan honekin lotutako bi ebazpen proposamen onartu zituela gogorarazi du Iridoyk: bat bizikleta bidearen proiektuari jarraipena emateko, Eusko Jaurlaritzari 2015eko aurrekontuetan diru-partida jar dezan eskatuz, eta bestea Irungo Udalari datorren urteko udal-aurrekontuetan partida bat eskainiz, ekimenari babesa emateko premiatuz. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundia ere proiektuan inplikatzeko beharra baietsi du Iridoyk, Gipuzkoako lurralde osoan bizikleta-bideen arloan eskumena duen erakundea baita. «Irungo Udalari babesa eskatu genion bezala, plan honetarako aurrekontu-partida aurreikus dezan eskatuko diogu Aldundiari. Hain zuzen ere, proiektuaren erredakzioa eta exekuzioa berari dagokio» azaldu du Iridoyk.
EAJ-PNVk Txingudi badiako hiru herriak lotzeko proiektuaren alde egin du hasieratik. Horren adibide da Eusko Jaurlaritzak urte honetarako bideratu duen 500.000 euroko aurrekontu-saila. Halaber, Ana Oregi Lurralde Politika eta Ingurumen arloko Sailburuak berriki Legebiltzarrean egindako agerraldian Txingudiko eremuaren aldeko apustua berretsi du, eta, bereziki, Hendaia eta Hondarribia lotzeko bizikleta bidearen alde azaldu da. «Eusko Jaurlaritzak, jada, proiektua interes handikoa dela adierazi du, batez ere, Eurovelo sarean sartuta dagoelako» jarraitu du Iridoyk.
Azkenik, erakunde guztietatik norabide berean lan egiten badugu, Txingudi badiako oinezkoen eta bizikletentzako bidearen proiektua errealitate bilakatuko dela adierazi du Xabier Iridoyk eta «hori onuragarria da Irunentzat eta Bidasoako eskualdearentzat».
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31