Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Donostiako Udaletxean jeltzaleok mende bat daramagu
“Izan zirelako gara, garelako izango dira – Donostia 1911-2014” izeneko ospakizuna Donostiako bulebarrean izango da hurrengo larunbatean, apirilak 5, 11:30etatik aurrera. Ekitaldian berrogeita hamar bat zinegotziri egingo zaie omenaldia, hain zuzen ere, 1911 urtean Camilo Ochoa de Zabaleguik eta Miguel Urreta Etxebestek Donostiako jeltzaleentzat lehen zinegotzi aktak lortu zituztenetik kontzejal izandako guztiei. Zinegotziei zein haien senitartekoei omenaldia egiteaz gain, ekitaldian Andoni Ortuzarrek, Joseba Egibarrek eta Eneko Goiak hartuko dute parte.Donostiako EAJ-PNV udal taldeak omenaldia eskainiko die hurrengo apirilaren 5ean, larunbatean, Donostiako Udalbatzarrean talde jeltzalea 1911etik aurrera ordezkatu duten berrogeita hamar bat zinegotziri; hain zuzen ere zinegotzi lehen aktak lortu ziren urte hartatik gaurdaino zinegotzi izandakoei. “Une horretatik, duela mende batetik baino gehiagotik, EAJ-PNVko zinegotzien presentzia etengabekoa izan da Donostiako udal jardunean. Azken 103 urteetan zehar EAJ-PNV eta Donostia binomioa banaezina izan da: Donostiako hiritarrek hautestontzietan askatasunez iritzia emateko aukera izan duten guztietan; hau da jasandako debeku politikoek eragotzi ez dioten guztietan, izan dira Udaletxean EAJ-PNVko ordezkariak. Pertsona hauen guztien hiriarekiko konpromisoak eta hirian izandako inplikazioak gure aldeko aitortza merezi dutelakoan gaude. Larunbatean 'zor' horren parte bat kitatzen hasiko gara”, adierazi du Donostiako EAJ-PNV udal taldeko bozeramailea den Eneko Goiak.
“Berez Donostiako jarduera politikoan zein hiritarren bizitzan EAJ-PNVren mende bateko presentzia aktiboa ospatuko dugu larunbateko ekitaldian”, nabarmendu du Eneko Goiak. “Ordezkaritzan etengabeko jarraipen honek agerian uzten du Donostiako hiritarrek belaunaldiz belaunaldi EAJ-PNVrengan berritu izan duten konfiantza; izan ere Errestaurazioan, Errepublikan edota Trantsiziotik aurrera gure alderdiaren hautagaiek ordezkaritza lortu dute hirian. Eta aldi berean agerian uzten du EAJ-PNVk Donostiako arazoen konponketan eta hiriko nahiak betetzeko orduan izan duen etengabeko konpromisoa”, adierazi du bozeramaile jeltzale donostiarrak.
<br< EAJ-PNVren zinegotziek Donostiako historia sozial eta politikoan azken hamarkadetan izan duten protagonismoak leku nabarmena hartuko dute omenaldian. “Gaur 35 urte, 1979ko apirilaren 3an, hain zuzen, Jesun Maria Alkainek irabazi zituen lehen udal hauteskunde demokratikoak eta demokraziaren lehen Donostiako alkate bihurtu zen, politikoki eta sozialki asalduzko eta Udala kiebra jota zegoen garai batean”, gogorarazi du Eneko Goiak.
“1983an hurrengo hauteskundeak irabazi ondoren, Ramon Labayenek jarraitu zuen hiria alkatetzatik lideratzen. Biek, haien taldeen buru, ezarri zituzten Donostiaren biziberritzearen oinarriak. Ezegonkortasun politikoaren eta hiriaren krisi sakonaren egoeran, udalak bitartekorik ez zuela, eremu turistikoa oso ukituta eta inguruko industria birmoldatze sakonean zeudela, Donostiaren biziberritze soziala eta kulturala eraman zuten aurrera. Urte haietan egindako apustuek; hala nola Maria Cristina Hotela erosi izana, Zinemaldirako A kategoria berreskuratu izana, Kursaal jauregia edota Miramongo parke teknologikoa; ezarri zituzten hiria biziberritzeko oinarriak. Donostiarekiko ikuspegi eta konpromiso horiek aitortza merezi dute eta benetako eredu dira gaur egungo belaunaldiak aurre egin behar dien erronka zailei ere aurre egiteko”, amaitu du Eneko Goiak.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31