Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/03/31

Nazioei erabakitzeko eskubidea eta Europan leku propioa izatea bermatu behar die estatuak

GBBko presidente eta EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaileak, Joseba Egibarrek, nabarmendu du Estatua “lurralde eredu berri bat” egiteko momentu aproposean dagoela, alegia, Euskadi, Katalunia eta Galiziako herri errealitateei erantzun emateko momentua dela. Espainiako ekonomia datuei eta Kataluniako gertakari politikoei begiratuta, Egibarrek uste du argi gelditu dela “Estatu ereduak porrot egin duela”. Gogoratu du 37 urte pasa direla Espainiako autonomien ereduaren aldeko apustua egin zenetik eta erabaki hau “Euskadi, Katalunia eta Galiziako nazio izaerak desagerrarazteko helburu bakarrarekin hartu zela”.
Nazioei erabakitzeko eskubidea eta Europan leku propioa izatea bermatu behar die estatuak

ETB1eko Egun on Euskadi programan ziurtatu du Espainiako Gobernuak hartutako debekuaren eta ukapenaren bideak ez duela Euskadi eta Kataluniaren garapen politikoa geldiaraziko. “Alferrikako lana da izaera nazional hauek ukatzea. Ezin da ahaztu Estatua sortu baino lehenagokoak direla nazio hauek. Hori onartzeko borondate politikoa besterik ez da falta”, jakinarazi du.

Bere ustetan, eztabaidaren gakoa Euskal Herriak, Kataluniak eta Galiziak Espainiarekin izan nahi duten erlazioan datza. Eta hori zehazteko, eztabaida mendekotasunaren ikuspegitik egitea proposatU du. “IndependentziaK zein onura ekarriko lizkiguken pentsatu beharrean, egin dezagun alderantziz: zein ondorio dakarzkigu egun Espainiarekiko dugun menpekotasun erlazioak?”, galdetu du.

Egibarrek datorren astean Legebiltzarrean lanean hasiko den Autogobernuaren Ponentziaren alde egin du beste behin ere. Izan ere, Ganberan ordezkatutako herritarren borondate politikoa eguneratuko du lan talde honek. Ildo horretan, aurreratu du EAJk erabakitzeko eskubidea mahaigaineratuko duela, Ibarretxe Lehendakariak gidatu zuen eztabaidan egin bezala eta alderdiaren hauteskunde programan jasotzen den bezala.

Bozeramaileak berretsi egin du EAJk gogor lan egingo duela ahalik eta adostasun zabalena lortzeko, baina, badirudi ez dela lan erraza izango “PSOEk eta PPk ez dutelako egungo Estatutua baino haratago joan nahi eta ezker abertzaleak helmuga irteera gunean kokatu nahi duelako, erabakitzeko eskubidea baldintza moduan jarriaz edozein eztabaidatan”. Puntu honetan, gogoratu du ezker abertzaleak 2004. urtean ez zuela erabakitzeko eskubideaz eztabaidatu nahi izan “beste urgentzia batzuk zituelako eta, ondorioz, aldeko hiru bozka eta kontrako hiru eman zituela eta horrek emaitza zero eman duela”. Egibar ziur da gaur egun presoak direla ezker abertzalearen lehentasuna.

Abiapuntu nahasia bada ere, Egibarrek uste du oposizioarekin adostasunetara iristeko modua izango dela. Hala ere, ohartarazi du bere alderdiak ez duela inongo betorik onartuko. Hau da, adostasunik ezean, gehiengo demokratikoek egingo dutela aurrera. Izan ere, jakinarazi du sozialista eta popularrek edozein erreforma egiteko Madrilgo Kongresuaren oniritzia exijitzen dutela eta baldintza horrek talde bi horietakoren baten babesa eskatzen duela nahi eta nahi ez. “Harrigarria da alderdi batzuek beraiek parte hartu duten adostasunak bakarrik onartzea eta gainerako guztiak baztertzaileak direla esatea”, azaldu du. Alderdi Sozialistatik ailegatutako zenbait kritiken inguruan esan du PSE Eusko Alderdi Jeltzalearen jarduna baldintzatzen saiatzen ari dela. “Urduri daude badakitelako hemendik aurrera gehiengoak EAJ eta ezker abertzalearen ardatzen inguruan osatuko direla. Eta euren estrategia politikoa zehaztu eta eguneratu nahian dabiltza”, ondorioztatu du. Horri helduz, erantsi du alderdi sozialistak ez duela etorkizun politikorik izango “mendekotasuna” onartzen jarraitzen badu, Nafarroan PSNrekin eta Katalunian PSCrekin gertatu den bezala.

Amaitzeko, Gipuzkoari buruz mintzatu da Bildu bertan egiten ari den gestioa salatu eta herritarrek EAJren aldeko apustua egingo dutela esateko. “Zaborrekin eta Igeldorekin ikusi ahal izan dugun bezala, Bildu bere urgentziak eta Gipuzkoaren beharrak nahasten ari da. Bere sektore gogorrenak asetzeaz bakarrik arduratzen da”, salatu du. Inposizioaren eredu horretatik urrun, EAJk elkarrizketaren alde hartutako konpromisoa berretsi eta erakundeen politikak herritarren beharrei erantzuteko zuzenduko dituztela ziurtatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube