Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Politikaren eta gizartearen eragile guztien parte hartzea ezinbestekoa da bake prozesuak aurrera egingo badu
Markel Olanok Oñatin izan zen atzo arratsaldean. Bertan, Santa Ana aretoan Bakea eta Adiskidetzeari buruzko mahai inguruan parte hartu zuen, Iratzar fundazioaren presidente Floren Aoiz eta Donostiako Gotzain emeritu Juan Mari Uriarterekin batera. Jeltzaleen bozeramaileak bere hitzaldian honakoa esan zuen: “Iraganari, orainari eta etorkizunari begiratu behar diegu bake prozesuak aurrera egin dezan. Eta aurrera egiteko ezinbestekoa da pertsonen duintasuna lehenestea, gatazka gizatartzea eta belaunaldi berriak ondo hezitzea gertatutakoa berriro errepikatu ez dadin”.Ildo beretik, Olanok adierazi zuen, epe laburrean guztiok ditugula zereginak bake eta adiskidetze prozesuak pauso sendoak egiteko. Eta horretarako, iraganari, orainari eta etorkizunari begiratu behar diegu eta zer gertatu den, zer gertatzen ari den eta etorkizunari nola egin behar diogun aurre galdetu behar dugu.
Iraganari buruz, Olanok segidakoa azpimarratu zuen: “Zer gertatu den galdetu eta argitu behar dugu, betiere, berriro gerta ez dadin. Bortizkeria mota ezberdinak eta biktima asko egon dira. Eta horiek guztiek merezi dute egia ezagutzea, justizia egitea eta sortutako mina zuzentzea. Baldin eta hori ez badugu egiten, sufrimendu guztia ezkutatuko dugu, baina ez dugu ezer konponduko”. Hortaz, EAJren bozeramailearen ustez, pertsonen duintasuna da gehien sufritu duena, izan ere, urteetan politika-printzipioak lehenetsi dira. Horregatik, ezin du proiektu politikorik egon pertsonen duintasunaren gainetik.
Era berean, Markel Olanok honakoa esan zuen: “Orain, urteetan egondako sufrimendua gizatartzen saiatu behar dugu. Eta horretarako gure jardueren gizarteratzea lehenetsi behar dugu, baldin eta bake prozesuak aurrera egitea nahi badugu”. Horrenbestez, EAJren bozeramaileak zehaztu zuen, pausoak eman behar direla, betiere, kontuan izanda gizarteak gertakariak nola bizi dituen. Egia da gizartearen zati batek errezeloa izan dezakeela, eta hori da hain zuzen ere landu behar duguna bake prozesuak aurrera egin dezan”.
Etorkizunari buruz, halaber, Olanok azpimarratu zuen hezkuntza ezinbestekoa dela: “Belaunaldi berriak ondo hezi behar ditugu gertatutako guztia berriro errepikatu ez dadin. Eta horretarako, garrantzi handia dute bai hezkuntza sistemak, bai gazteek etxean jasotzen duten hezkuntza”.
Aipatutako guztiaren ondorioz, Markel Olanok segidakoa esan zuen: “Elkarbizitzarako kultura egin behar dugu. Gorrotoa baztertu behar dugu eta elkarrekin bizi behar dugu. Eta, horretarako, elkarri errespetatu behar diogu. Zaila gerta dakiguke oraindik, izan ere, batzuek errespetua galtzen jarraitzen dute oraindik, baina hori da landu behar dugu. Elkar errespetatzeko elkar onartu behar dugu. Eta onartu behar dugu bakoitzak bere ideiak dituela eta errespetatu behar dugu”.
Azkenik, Olanok esan zuen, pausoak eman behar direla bai politikan bai gizartean. Izan ere, ezinbestekoa da guztion parte hartzea bake prozesuak aurrera egin dezan. Baina aitzitik, egun ez dute eragile guztiek parte hartzen, eta horretan eragin handia du Espainiako politikak. Horiek dira, hain zuzen ere, apurtu behar ditugun dinamikak. Eta horiei aurre egiteko, elkarrizketa sustatu behar dugu. Guztion ardura da harremanak berreskuratzea, izan ere, baldin eta harremanak berreskuratzen ez baditugu, hau da, gizartearen eta alderdi politiko guztien parte hartzea lortzen ez badugu, bake prozesuak ez du aurrera egingo”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31