Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Jon Andoni Irazusta gogoratuz
Olatz Peon
Orain egun batzuk, martxoaren 12an, Tolosan “Biala” deitzen diogun ibilbidea, Jon Andoni Irazusta pasealekua izenez deitzea erabaki du udalak horretarako plaka agerian jarriaz. Euskal Pizkundea mugimenduaren urteurrenaren ospakizunen barruan antolatutako ekimen berri bat dugu . Ez dut ezer berririk adierazten esaten badut Irazustak gure artean agian ez duela izan Xabier Lizardi, Orixe, Antonio Mª Labayen, Ixaka- Lopez Mendizabal, Aitzol, edota Emeterio Arresek izan duten ezagutza maila, baina giza legezkoa deritzot bere izena eta izana gogora ekartzea. Aurrez aipatutakoekin batera, Irazustak, Tolosan, Eusko Alderdi Jeltzalearen baitan politikagintzan, kulturgintzan, hau da euskal herrigintzan aritu zen belaunaldi abertzale oparoaren kideetako bat dugu. Tolosan jaio zen 1884an eta gerra zibila tarteko, atzerriratu beharra izan zuen eta ondoren, Liman (Peru) zendu zen 1952an. Zuzenbidean lizentziatua, politikaria eta idazlea izan zen. Euskalzale bikaina, 1932an, Labaien eta Lopez Mendizabalekin batera Antzerti aldizkaria sortu zuen, Tolosako batzokian egiten ziren antzerki lanei eta orokorrean euskal antzerkigintzari eta euskal sormenari bultzada nagusia emanez. II Errepublika garai hartan, GBBko burukide bilakatu zen eta 1933ko hauteskundeetan Madrilgo Gorteetako diputatu hautatua izan zen. Irazustarekin batera aritu ziren EAJko beste diputatuak, hala nola, Jose Antonio Agirre, Xabier Landaburu, Manuel Irujo edo Telesforo Monzon eta hauek osatzen zuten euskal talde parlamentarioaren bozeramaile-orde lanetan aritu zen. Baina diputatu ez ezik idazlea ere izan zen tolosar jeltzalea. Bere artikuluak “El Pueblo Vasco” eta “El Dia “ egunkarietan argitaratu zituen, azken honetan “Egoaizea” ezizenarekin.
Euskaraz idazteko gogoak bultzaturik , ezaguna egin zen garaiko euskal literaturari egin zizkion ekarpenak medio. Gerra ondoren, jada Ameriketan zegoenean, 1946.ean “Joanixio” eleberria eman zuen argitara Buenos Aireseko Ekin argitaletxearekin. Hainbat adituen ustetan, euskaraz eginiko lehenbiziko eleberri errealista eta urteetan eleberri onenetakoa bezala hartu zen.
Ondoren bigarren lana kaleratzen du , “Bizitza garratza da” 1950ean. Bere bizitza eta obra aztertu dutenek bertan erreferentzi autobiografikoak ikusi dituzte eleberriaren argudioan.
Bere bizitzan euskararekiko maitasuna eta hizkuntzaren etorkizuna bermatzea izan ziren lan eta kezka iturri, Euskal Pizkunde mugimendua osatu zuten gizon eta emakumeentzat izan zen bezalatsu, eta azkenetako eskutitzetan horrela zioen aditzera ematen zuenean euskara lantzen ez bada burujabetzak ez duela ezertarako balio. Agur eta eskerrona adieraztea eta idatzita utzi zizkigun lanen berri gehiago jakitea dagokigu euskararen iraupenaren ardura zuzena bai dugu. Tolosako pasealekuak gogoraraziko digu jaioterritik urrun baina euskaldunon hizkuntzarekin, bere hizkuntzarekin gertu, Liman zendu zen Jon Andoni Irazusta tolosar abertzale jeltzalea.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31