Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/03/01

Bilduk babes gabe uzten du lehen sektorea

Bilduk Andoaingo merkatuko baserritarrak estalki gabe utzi izana eta axolagabekeriaz jokatu izana leporatzen diogu gobernu taldeari. Bilduk lehen sektorearen defendatzaile gisa bere burua saltzen duen bitartean bere hitzak ez datoz bat Andoainen burutzen ari diren ekintzekin.

Guztiok dakigu zein egoera kaxkarretan zegoen “Txoperako” merkatu-gunea. Dagoeneko urte dezente dira baserritarrak eta bertan postu ezberdinak dituzten merkatariak ingurunearen egokitzapena eta hobekuntza-lanak aldarrikatzen ari direla: estalkiaren ordezkapena, komunak… lan egin beharreko baldintza prekarioak hobetzeko asmoz. 2012an BILDUko udal gobernu taldeak proiektu bat aurkeztu zuen “Txopera” ingurunean egokitze-lanak burutzeko; non zabor edukiontzien ordezkapena, komunen instalazioak, eta baserritarrentzako estalki berri bat aurreikusten zen, besteak beste.

Hala ere, beste gehiagotan gertatu den bezala gertatu da oraingoan ere, BILDUko udal taldeak obrak martxan ipini ditu, aurrez behar besteko aurrekontua bermatua izan gabe, eta obrak osotasunean gauzatzea posible izango zen jakin gabe. Axolagabekeria hori da egun bizi dugun egoera surrealistaren erantzule.

Zabor edukiontziak lekuz aldatu dira, estalki zaharra eraitsi da… eta orain, ez omen dago behar adinako dirurik estalki berri batekin ordezkatzeko!

Baina, honekin gutxi ez balitz, gobernu taldeak baserritarrei zeharkako konponbidea eman eta hauek nolabait estali nahian, plastikozko “jaima” batzuk ipiniko omen ditu. “Jaima” horietako bakoitzak 4.000 eurotako prezioa dutelarik. EAJ-PNVk galdetu nahi dio Andoaingo Udalari ea hau ote den “sektorea babesteko duten modua”, ala keinu hutsal bat besterik ez ote den.

Udal taldearen gestio ahalmen murritzak, ezin izan du bermatu aurreikusia ziren obrak osotasunean gauzatzea, “dirurik ez zegoela justifikatuz”. Galdetzen dugu ea zergatik ez diren saiatu beharrezko finantziazio bilatzen, obraren zati handi bat finantzatzeko erakunde ezberdinen aldetik diru-laguntzak zeudenean.

Zalantza egiten dugu 4.000 euro balio duten “jaima” probisional horiek erostea soluzio egokia ote den, behin betiko estalkiaren instalazioa ahalik eta lasterren bideratu beharko baita eta inbertsio berri bat burutu.

Ez ote da egongo behin-behinekoa den soluzio probisional hori denboran zehar luzatzeko asmorik?

Gertatu diren azken ekintzek Gobernu taldearen kudeaketa negargarria agerian ipintzen dute behin eta berriz. Agerian geratzen dira lanerako gaitasunik eza eta horretarako ipintzen dituzten gogo urriak. Kasu honeta, EAJ-PNVtik erabat ziur gaude gestio soil batzuk nahikoak izango zirela obra bere osotasunean burutu ahal izateko. Horregatik, BILDUri eskatzen diogu baserritarren iritzia eta egoera kontuan hartu dezatela, esfortzu bat eginaz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube