Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/02/24

Irungo Udalean euskararen erabilera sustatzeko, ezinbestekoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea

Xabier Iridoyk Irungo udalak bere langileak erdalduntzen dituela salatu du, baita gobernu sozialistaren itxurakeriaren aurrean, benetako borondatea eta konpromiso sendoa aldarrikatu.
Irungo Udalean euskararen erabilera sustatzeko, ezinbestekoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea

Datorren asteazkeneko Udalbatzan jorratuko den Irungo Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren inguruan, EAJ-PNV taldeak bere jarrera erakutsi nahi izan du. Xabier Iridoy bozeramaileak azaldu duenez, Irungo Udalak bere jardunean duen hizkuntza politikaren nondik norakoak ˗helburuak, bitartekoak, epeak˗ eta jarraibideak jasotzen dituen dokumentua da plan hau. «Bat egiten dugu aurkeztutako txostenarekin eta horrekin lortu nahi diren helburuekin, udalean euskararen erabilera bermatzeko eta areagotzeko ematen diren urratsen alde baikaude» adierazi du zinegotzi jeltzaleak. Hala ere, «ezinbestekoa da idatzita dagoena ekintzetan bilakatzea, askotan asmo hutsean geratzen baitira paperean jasotako ideiak» jarraitu du.

«Euskararen normalizazioan ibilbide luzea dugu oraindik egiteko udaletxe barruan» adierazi du zinegotzi jeltzaleak, eta baieztapen hauek egiteko Irungo Udaleko langileen artean egin den azterketa komunikatiboaren emaitzetan oinarritu da. Bertatik hainbat ondorio atera dira: alde batetik, euskararen erabilerarik baxuena langileen eta politikarien arteko harremanetan ematen da, azken hauen ondorioz. Bestetik, langileek euskaraz gehiago egiten dute udaletxetik kanpo beren harreman eta egunerokotasunean lanean baino. «Aipatutako datu hauek guztiek Udaletxeak bere langileak erdaldundu egiten dituela erakusten dute, eta hori ezin dugu onartu» adierazi du Xabier Iridoyk.

«Benetako ahaleginak egin behar ditugu udal honetan euskarari merezi duen lekua emateko» aldarrikatu du bozeramaile jeltzaleak. EAJ-PNVk Irungo Udalean euskararen erabilera sustatzearen alde lanean jarraituko du. Horren ildotik, 2014ko aurrekontuetarako bere taldeak egindako proposamena ekarri du gogora Iridoyk. «Eguneroko lanean erabiltzen ditugun hainbat aplikazio informatiko euskaraz jartzeko eskaera egin genuen, langileei, askatasun osoz, tresna informatikoen erabilera zein hizkuntza ofizialetan egin nahi zuten aukeratzeko helburuarekin» azaldu du. «Udalbatza horretan udal gobernuak langileei aukera hori eskaintzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez du esandakoa bete. Gainera, aurreko plangintzan, jada, jasota zegoen irizpide hori. Berriki udal langileen ehun ordenagailu baino gehiago aldatu dira aplikazio informatikoak euskaraz jartzeko aukera eman gabe» jarraitu du. Horren harira, gobernu sozialistak euskararen aurrean duen jarrera deitoratu du Iridoyk, ez baitu benetako konpromisorik ezta borondaterik ere erakutsi. «Beren interesa itxura hutsean geratzen da» baieztatu du bozeramaile jeltzaleak.

Azkenik, euskararekiko konpromisoa eguneroko jardunean erakusten dela azpimarratu du Xabier Iridoyk, eta dokumentuak jasotzen duena betetzeko benetako inplikazioa eskatu dio udal gobernuari.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube