Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/02/19

ETA-k iraganeko estrategiaren zergatia azaldu eta eragindako sufrimendua onartzea espero du Egibarrek

Ostiralean nazioarteko egiaztatzaileek ETAren inguruan egingo duten iragarpenaren aurrean, GBBko presidente eta EAJ Legebiltzar Taldeko bozeramaile den Joseba Egibarrek espero du armagabetzeaz gain, erakundeak iraganeko jarduera politiko-militarraren gogoeta egin eta eragindako sufrimendua onartzea. “Herritarrei aurpegira begiratu, egindakoa gaizki egon dela esan eta iraganeko estrategiaren ondorioen ardura beraiena dela onartzea espero dugu. Izan ere, etorkizuna ezin da eraiki iragana aztertu gabe”, ziurtatu du Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan.
ETA-k iraganeko estrategiaren zergatia azaldu eta eragindako sufrimendua onartzea espero du Egibarrek

Beste behin ere, Espainiako Gobernua mantentzen ari den jarrera salatu du, “benetakoa den ETAren erabakia egiaztatu beharrean, egoera luzatzen ari delako”. Zentzu horretan, gogoratu du ETA indarrean egon eta su etenak iragartzen zituenean Madrilgo Gobernuak mahaiaren beste aldean esertzen zitzaizkiola eta, orain berriz, ez dutela hala egiten. “Gobernuak badaki ETAren erabakiak ez daukala atzera bueltarik, baina beldur da etorkizunaren aurrean. Batzuk erakundearen amaiera aurreratu nahi dugun bezala, Gobernuak bere biziraupena luzatu nahi du badakielako ETA eragile emozional izugarria dela iraganean bere existentziak asko baldintzatu duelako politika”, jakinarazi du.

Edonola ere, Rajoyren exekutiboari espetxe politika erroz aldatu eta presoen norbanako birgizarteratzea ahalbidetzeko eskatu dio. “Egungo espetxe politika ETAren aurkako estrategia bezala bultzatu zuten 2000. urtean PSOEk eta PPk eta. Gu hasieratik egon ginen aurka, baina, orain, beren estrategiari jarraituz, erakundea indarrean ez dagoela, espetxe politika berau indargabetu beharko lukete”, adierazi du. Horretarako, presoei egin behar duten ibilbidea argitu, dispertsioarekin bukatu eta birgizarteratzea ahalbidetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Ostiralean jakitera eman litekeen berriaren inguruan informazio askorik ez daukala onartu du burukide jeltzaleak, baina edozein aurrerapauso “ongi etorria izango dela” bere ustetan denboraren gestioa “geldoegi” dioalako. Ildo horretan, gogora ekarri du dagoeneko hiru urte pasa direla Sortuk bere estatutuak aurkeztu zituenetik eta bi, ETAk indarkeriari uko egin zionetik.

Bake eta Bizikidetza ponentziaz ere mintzatu da Egibar elkarrizketa gune hau balorean jartzeko. “Nominalki, EAJ eta ezker abertzalea bakarrik gaude barruan, baina edukiko dugu inflexio puntu bat eta espero dugu gainerako alderdiak inguratzea”, zehaztu du. Hala ere, aurreratu du bere ustetan sozialistek ez dutela aurrera pauso handiegirik emango 2015eko udal eta foru hauteskundeak arte.

Datozen asteotan Legebiltzarrean eratzekotan den Autogobernuaren inguruko ponentziari buruz, berriz, esan du ikusteke dagoela zein izango den beronen ibilbidea. Izan ere, PSOE, PP eta UPyDk gizarte eredu ezberdinak izan arren, ziur da estatu eredua defendatzeko berriz ere bat egingo dutela. Eta horrek, nahi eta nahi ez, eztabaida baldintzatuko du.

Azkenik, Nafarroako egoerari buruzko gogoeta egin du Yolanda Barcina lehendakariak “Ganbara desegin eta hauteskundeak aurreratu beharko lituzkeela” esateko. Bestela, zentsura mozioa bultzatu beharko da helburu berarekin. Hala eta guztiz ere, kezka azaldu du PSNk har lezakeen jarreraren aurrean, argi baitauka Nafarroakoa “Estatu arazo” bilakatu dela. Hori bai, zalantza izpirik ez dauka gertatzen dena gertatzen dela ere, aukera paregabea sortuko ziola Nafarroari eta batik bat Geroa Bairi, ziur delako gaur egun hauteskundeak deituko balituzte Uxue Barkosen koalizioak “emaitza paregabea” lortuko lukeela eta berea izango litekeela Nafarroaren gidaritzapena”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube