Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
16/06/2024

Jon Ander Azpiroz: Abertzale batentzat ohore bat bada, bere herriko Alkate izatea, are eta handiagoa da Gabino Alustiza Alkate izan zen herri berekoa izatea.

Aiako herriak omenaldia egin dio Gabino Alustiza alkateari, eta haren omenezko eta oroitzapenerako eskultura bat jarri du aurrerantzean bere izena izango duen plazan.
Jon Ander Azpiroz: Abertzale batentzat ohore bat bada, bere herriko Alkate izatea, are eta handiagoa da Gabino Alustiza Alkate izan zen herri berekoa izatea.

Herritarrok, lagunok, alderdikideok, Gabino Alustizaren oinordekook, Ixabel. Eskerrik asko gaurko egun honetan, hona bertaratu izanagatik.

Aspaldi hasi genuen, Aiako udaletik, Memoria historikoaren inguruan hasi zen ziklo hau, hainbat elkarrizketa, liburu bat, eta udaletxean omenaldi bat egin ziren. Herritarron aurrean, gure iraganak leku bat izan zezan, herritarrok jakin dezagun zein izan zen gure iragana, jakin dezagun nondik gatozen.

Gaurko ekitaldi xume honetan aurkeztuko den eskulturarekin, Aiako herriak, bisitatzera datorren orori, mundu osoari erakutsi nahiko dio bere historia, edozeini erakutsi nahi dio zein diren gure sustraiak, zein diren gure zimenduak. Jakin bai baitakigu, bere historia ahazten duena, errepikatzera kondenatu dagoela.

Gaur egun, eta etorkizun hurbilean, gero eta handiagoa da eskuin muturrak hartzen ari duen indarra, eta 1936an egin zuten moduan, hauen kontra eta demokraziaren alde egiteko ezinbesteko erronka dugu. Gabinok egin zuen bezala, duintasunez, humanismoz eta herri honen askatasunaren alde borrokatuz.

Aiaren alde asko egin zuen Gabino Alustizak, berak sortua da, oraindik hor daukagun Lur Alkartasuna Kooperatiba ere. Abertzaletasunaren alde ere asko egin zuen, Ikurriñaren aldeko mozioak onartu eta Euskadiko lehenengo Estatutuaren alde borrokatu zuen. Alkate bat, kudeatzaile soil izan daiteke, egunerokotasuna eta aurrekontuak kudeatzera mugatuz. Alkate bat ordea, aurrekoa egiteaz gain, gidari izan daiteke, urrutirako begirada eduki eta herri bati nora joan behar duen erakutsiz, iparrorratz izanez. Azken hauetakoa zen, dudarik gabe Gabino.

Egoerarik zail eta gogorrenetan, agertzen da ordea, bakoitzaren izaera gordinena, eta ez nuke aipatu gabe pasa nahi, 1936an, egoera larrienean, nola Gabinok salbatu zituen hainbat errekete. Eta nola, udaletxean atxilotu aurretik esan zuen “Niri zer egin behar didate? Ni denei on egiten saiatu naiz eta?”. Hor ikusten da pertsona bezala ere gizon honek zuen duintasuna.

Abertzale batentzat ohore bat bada, bere herriko Alkate izatea, are eta handiagoa da Gabino Alustiza Alkate izan zen herri berekoa izatea.

Ez dezagun ahaztu, herri honen, aberri honen eta demokraziaren alde egin zuen guztia, ez dezagun ahaztu eman zuen guztia.

Horregatik jarriko diogu plaza honi, Gabino Alustiza plaza izena eta horregatik egongo da bertso honen ondoan.

Hainbeste aldiz Laurkindik begiratu zion Aiari, orain Aiatik begiratuko dio Laurkiñi, oinarri sendo baten gainean, betirako zutik egon dadin, betirako zutik iraun nahi duen herriren izenean.

Pello Esnalen bertsoa

Gabinoren bertsoa da, eta orain –une honetantxe– kantatzen ari zaiguna. Hortxe du bertsoak indarra.

Bertso soila da, bost esaldi soil eta soltez osatua. Aizkoraz egindakoa dirudi. Ez du gehiegizko hitzik, ez lotura-hitz edo lokailurik (eta, baina, hain zuzen, izan ere…), ez irudirik… Horrek soilago uzten du hitz bakoitza, indartsuago egiten.

Baina bertsoari indarra, batez ere Gabinorena izateak ematen dio; eta oraintxe kantatzen ari zaiguna izateak. Nabarmendutako hitzetan –deiktikoetan– islatzen da bereziki indar hori. Lehen lau esaldietan daude.

Herriak hautatuak,

hementxe ginen gu.

Atxilotu gintuzten,

betiko aldendu.

Ezin izan ziguten

duintasuna kendu.

Horiduzue orain

Aiaren zimendu.

Oinarririk duenak

zutik irauten du.

hementxe: udaletxe honetantxe (plaka dagoen lekuan),

gu: 1936an hemengo zinegotzi ginenok (plakan izendatuok),

gintuzten: haiek –herriak hautatu gabeek– gu (atxilotu eta hildakoen izenean hitz egiten du orain Gabinok),

ziguten: haiek, guri (berdin),

duzue: zuek, aiarrok,

orain: une honetantxe (plaka irakurtzen duzuen bakoitzean),

hori: duintasuna.

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...