Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
23/05/2022

HITZAK LEGE erakusketa ibiltaria

Euskal ganbera legegileetan sei mendeotako euskarazko hainbat idazki juriridikorekin osatutako erakusketa ibiltariaren berri eman dute legebiltzar eta batzar nagusietako buruek, Euskaltzaindiaren egoitzan. XV. mendeko Bizkaiko Foru Zaharreko testu batetik hasi eta egungo legeetarainoko bilduma da, euskaldunen bizitza arautzeko euskara erabiltzen zutela eta dugula erakusten dutenak.
HITZAK LEGE erakusketa ibiltaria

Erakusketaren aurkezpena izan da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta bertan Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak egindako aurkezpena da ondorengoa:

Egun on eta eskerrik asko « Hitzak lege » erakusketa ibiltaria egitea pentsatu eta moldatu duzuen guztioi, Euskaltzaindiatik hasi eta ganbera legegileetaraino  lanean aritutakoei.

Euskaldunok eta, oro har, Euskal Herrian bizi garenok, baita bisitariek ere, ezohiko ikusgaia aurkituko dugu 30 bat panel eta bitrinatan: euskarazko idazki juridiko esanguratsuen bilduma bat, XV. mendeko Bizkaiko Foru Zaharreko aginduetatik gaur egungo legeetaraino, eta oharrak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Erakusketa honetan hizkuntza bizi baten aztarna antzematen da: ezkontza eta hileta kontuak, oinordetza kontuak, eta beste hainbat gai euskaraz emateko erabakia. Esate baterako, azpimarragarria iruditu zait Giza Eskubideen Adierazpena Nazio Batuek 1948an onartu eta 1950ean Euzko Gogoan euskaraz argitaratu zutela. Zeinek euskaratua-eta, Nikolas Ormaetxea, Orixek, euskal klasiko handiak. Bide batez,  gure erreferenteak nabarmendu eta hobeto ezagutzeko aukera ere gerta daiteke ekimen hau.

Erakusketa hau dela bide, aipatu nahi nuke aurreko legealdian aurkeztu genuen lan bat, Euskaltzandiak eta euskal Ganberek: “Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa”. Urtetako lana dago hor. Tresna baliotsua legegintzan aritzeko eta, alde horretatik, politikan jarduteko, hiztegi berezi eta zehatza behar baitugu.

Diktadura ondoren ia dena egiteko zegoen, eta zailtasunak zailtasun, akuilu paregabeak ageri zaizkigu garai haietara begiratzean: euskaltasun egarria, herri-irrika bizia eta gogoa bizkor, hori dena zeukaten gure aurrekoek –eta aurrekoen aurrekoek ere bai–. Bestetik, ez zeuzkaten ahaztuta gerra aurretik gure herria urratzen hasia zen bide eta baliabideak, adibidez, Euskaltzaindia bera; eta, aldi berean, tresna berriak, bultzaka: Euskal Irrati Telebista. Entzunda nago, Euskadi Irratian eta ETBn, berehala nabaritu zutela hiztegi premia euskaldunei albisteak, kirola eta zer nahi kontatzeko, eta euskarazko hitzak asmatu zituztela eta zaharrak berreskuratu eta biziberritu, gaztelaniaren mende geratu gabe: “bala-zorroa”, “alboko sakea”, “bezeroa“, “bahitu”, eta gehiago. Eta gurean ere berdin: “erdibideko zuzenketa”, “ebazpen”, “osoko bilkura”, “zerga-araudia”, eta abar, eta abar. Hitz horiek eratzea, erabiltzea eta zabaltzea, iruditzen zait euskara biziaren seinale ditugula eta beste gauza batena ere bai: “euskararen duintasunarenganako sentiberatasunaetaeuskara gaitu eta batuaren” aldeko jarrera eta lana, Ibon Sarasolaren ideiak berretsiz.

Honen guztiaren azpian, hauspoa ematen, gure herria dugu: Euskal Herria, bere jende eta erakundeekin, iraganaren ondarearekin eta etorkizun-ametsarekin, gure herriari izena eta izana ematen dion euskararekin. Erakusketa honetan ageri zaigu, bai, alderik alde eta mendez mende, euskararen haria, meheagoa edo lodiagoa, baina lotzen gaituen haria Arabatik Nafarroara eta Lapurditik Bizkaira, Gipuzkoan barna, eta Koldo Mitxelena maisuak Humboldt aipatuz dioena: “hizkuntzak barrurantz batu egiten du eta kanporantz berezi”.

Amaitu aurretik, Gipuzkoako Batzar Nagusien une historiko bateko hitzak ekarri nahi ditut, Arrasaten, 1979ko apirilaren 22an esandakoak, ehun urte foruak deuseztaturik eta foru erakundeak deseginda egon ondoren: “Gaur dagigun Batzar hau ez da ezer berririk, lehenagoko Batzarrak berriro sortzea baizik, gure Lege Zaharrak kendu zizkigun 1876garren urteko uztailaren 21eko legean agindu bai, baina emon ez zaigunaren lekukotza gaurkotzea. (…) Batzar hau egiten hasi gaitezen, egitez ohiturara eta ohituratik legera noizbaiten heldu gaitezen; hitz gutxitan esateko, bete-betean gure Lege Zaharrera iritxi gaitezen.” Arrasateko alkate Jose Antonio Ardanza jeltzalearen hitzak dira. Bilkura hartan Benigno Baskaran izan zen Adineko Mahaiburu. Batzarkide sozialista Eibarko euskaraz mintzatu zen:

Neretako ta bai zuendako, gaur, egun haundi bat da. 103 urte pasau dira Junta Jeneralak euren batzar bat euki barik. Lan asko kostau jaku danoi hona allegatzia. Gure askatasuna nahi badogu billatu, alkartasuna izan behar da bidea.” Bozketa eta gero, Xabier Aizarna aukeratu zuten Gipuzkoako diputatu nagusi, eta hark ere euskaraz: “Ikus dezagun nolako garrantzi haundiko eguna dan gaur (…) gure kondairan zehar zeuden eskubideak berriro lortzeko (…) Benetan lan sail galanta degu gure aurrean, Estatutoaren bidean: euskara berrindartzeko; ekonomi Kontziertoa lehenbailehen lortzeko; ta beti ondo alkarturik beste euskaldun anai guztiekin, ta baita beste herri guztiekin, benetako begirune, errespeto sakonean, guretzako nahi degun bezala.”

Mendez mende, belaunaldiz belaunaldi lur honetan bizi izan den Euskal Herriak, “hitza hitz” arau zaharretik hitzak idatziz lege bihurtzen jakin duen Euskadi honek, euskaraz nola iraun duen eta euskaraz irauteko nahia duela ager dezala erakusketa honek, gure hizkuntzatik gainerakoetara zabalduz.

Xabier Ezeizabarrena Saenz

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...