Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
16/10/2020

Ez da zergak eta tasak igotzeko momentua, udalak egin behar du lehentasunak ezarri eta gastua murrizteko esfortzua

Oñatiko EAJ udal taldeak azaldu duenez bere proposamenek 3 ardatz dituzte, herritarrak, oro har, Oñatiko enpresa txikiak eta gazteak; baina azpimarra zergak eta tasak izoztean jarri dute, hainbat herritarrek bizi duten egoera ez okertze aldera.
Ez da zergak eta tasak igotzeko momentua, udalak egin behar du lehentasunak ezarri eta gastua murrizteko esfortzua

Gaur egin du Oñatiko Udalak 2021eko Ordenantza Fiskalak onartzeko ezohiko osoko bilkura. EH Bilduk zergak igotzeko bere proposamenari eutsi dio eta EAJk, zergak igotzeko momentua ez dela iritzita, izozteko proposamenaren alde bozkatu du.

Joan den asteko ogasun batzordean aurkeztu zuen udal gobernuak bere proposamena eta EAJ udal taldeak ere jarri zuen berea mahai gainean, batzordean bertan ahoz eta ondoren idatziz. Zerga eta tasak izoztearen alde egin zuten jeltzaleek, bizi dugun ziurgabetasun momentu honetan herritarrei esfortzu bat egiteko eskatzeko baino udalak lehentasunak ezarri eta gastua murrizteko momentua dela argudiatuta.

“Udal gobernuak zergarik garrantzitsuenak igotzeko proposamena aurkeztu zigun eta ezin dugu horrekin bat egin, izan ere, ez dugu uste COVID-19ak sortutako beharrei aurre egiteko biderik egokiena zergak igotzea denik eta herritarrei esfortzu bat eskatzea baino udal aurrekontuetan lehentasunak ezartzen ahalegintzea egokiagoa dela uste dugu” azaldu du Ainhoa Galdos bozeramaile jeltzaleak.

Udal talde jeltzaleak azaldu duenez, EH Bilduren proposamenak honako igoerak jasotzen ditu:

- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ)

  • Ondasun hiritarren gaineko zergan (etxebizitzei dagokiena) % 5,29ko igoera
  • Lurzoru Industrialean eta Hirugarren Sektorean (Zerbitzuak) % 1,80ko igoera

- Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ): %6,97ko  igoera

- Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga:  %5,55eko igoera

EAJ udal taldearen ustez, EH Bilduk eskualde mailan zergak harmonizatzeko beharrari egindako aipamena aitzakia baino ez da “EH Bilduk zerga eta tasetan azken urteotan hartutako erabakiei begiratuta ez daukala ez hanka eta ez bururik proposamen honek. Aurreko legealdian, urtetik urtera udal zergak eta tasak izoztea izan zen EH Bilduren irizpide orokorra eta 2020ko ordenantza fiskaletan KPIa baino ez zen igo. Udalak beste zerga batzuetatik diru-sarrera nahikoa zuenen ez zen beharrezkoa ikusi udal zerga eta tasak eskualdeko beste udalekin harmonizatzea. Orain ordea, diru-sarrerak gutxitu direnean, oñatiarren bizkar konpentsatu nahi da diru-sarrera jaitsiera hori, harmonizazioaren aitzakipean. Benetan uste al du EH Bilduk orain dela igoerak aplikatzeko momentua? Oñatiarrak egoerarik zaurgarrienean daudenean udal zergak igotzea logikoa al da azken urteetan izoztuta eduki ondoren? Pentsatu al du udal gobernuak oñatiarrengan edo bere udal kontuak koadratzean bakarrik pentsatu du?” aurpegiratu dio Ainhoa Galdosek udal gobernuari.

EAJ udal taldearen proposamena

EAJ udal taldeak azaldu duenez bere proposamenek 3 ardatz dituzte, herritarrak, oro har, Oñatiko enpresa txikiak eta gazteak; baina azpimarra zergak eta tasak izoztean jarri dute, hainbat herritarrek bizi duten egoera ez okertze aldera eta honako proposamena aurkeztu dute:

1. 2021erako udal-tasa eta zerga guztiak izoztea

2. Covid-19ak sortutako krisia Oñatiko jarduera ekonomiko txikietan, bereziki merkataritzan eta ostalaritzan izaten ari den eragina arintzeko udalak dituen tresnak erabiltzea.

2.1.    Zabor eta hiri hondakin solidoak etxez etxe biltzeagatiko tasari hobaria aplikatzea.

Hobariak: Komertzioa eta ostalaritzan, hiru hileko kuota. 2 eta 5 enplegutaraino dituzten tasetan, %25- tik gorako hobaria. Iaz, bereziki herriko merkataritzak dagoeneko bizi zuen krisia aintzat hartuta, %25eko hobaria aplikatzea proposatu genuen eta Covid-19ak okertu duen egoera honi aurre egiteko hobari hori %25etik gorakoa izatea adostu nahiko genuke udal gobernuarekin.

2.2.    Terrazen eta mahaien gaineko tasari buruzkoa.

Osasun larrialdia dela eta gorde beharreko distantziak betetzeko terrazetako mahai eta aulkiak bide-publikoan espazio gehiago hartu behar duten kasuetan, kostu gehigarririk gabe espazio gehiago hartzeko aukera ematea (krisi mahaian dagoeneko adostu zen moduan).

3. COVID-19ak sortutako krisiak, gazteengan duen eragina arintzeko hobariak

COVID-19ak sortutako krisiak dagoeneko zaila zen gazteen lanerako sarbidea  are gehiago zaildu du. Lanean hasteko adina atzeratu da eta lan baldintzak ere ez dira onak. Proposamena: kirol ekintzetako tasetan (igerilekua, frontoia, tenis pista, etab...) tasaren murrizketarako adinaren erreferentzia hartzen duten atal eta azpiatal guztietan 21 urtera arte ezarrita dagoen adin epea 23 urtera arte luzatzea.

Proposamenak adosteko saiakera

Proposamenak adosteko ahalegina egiteko, ostiralean batzartu ziren udal gobernua eta EAJ udal taldea, baina adostasunik lortzea ezinezkoa izan da jeltzaleek azaldu dutenez “gure marra gorria zergen izoztean zegoen, ez dugu uste igotzeko momentua denik, baina udal gobernuak igoera aplikatzeko zuen asmoa ere mugiezina zen, beraz, ez dugu adostasunik lortu” azaldu du Galdosek.

Adostasunik gabe, udal gobernuak, duen gehiengoa baliatuta, zergak igotzeko proposamena aurrea ateratzea lortu du eta jeltzaleen zergak izozteko proposamenak EAJren aldeko bozkak bakarrik jaso ditu. “Saiatu gara zergak izozteko akordioa lortzen baina udal gobernuak nahiago izan du aurrekontuetan lehentasunak ezartzeko esfortzua egin ordez oñatiarren bizkar 200.000 eurotan udalaren diru-sarrerak handitu” amaitu du Ainhoa Galdosek.

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...