Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
19/12/2019

27.375.195 euroko aurrekontua onartu du Tolosako udalbatzak datorren urterako

Pertsonak ardatz eta tolosarrak eta beren ongizatea lehenesten dituen aurrekontu proiektua da eta hortaz, %44,05a Herritarren arlora bideratuko da eta Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua %8,7 igoko da egungo beharrei eta sortu daitezkeen behar berriei erantzuteko, betiere herritarren babes soziala bermatze aldera
27.375.195 euroko aurrekontua onartu du Tolosako udalbatzak datorren urterako

Azken Osoko Bilkuran datorren urterako aurrekontuak onartu dira, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduko kontrakoekin.

Ogasun zinegotziak, Begoña Tolosak, azaldu zuenez, iaz baino 460.313,38 euro gehiago izango dira, zehazki, %1,71 gehiago, guztira 27.375.195 euro. Pertsonak ardatz dituen eta tolosarrak eta beren ongizatea erdigunean kokatzen dituen aurrekontu proiektua da ogasun zinegotziaren esanetan. Hori dela eta, aurrekontuaren %44,05a Herritarren arlora bideratu da, %27,84a Antolakuntza arlora eta %28,11 Lurraldera.

Olatz Peon Ormazabal alkateak legealdi honetako lan ardatz eta helburu estrategiko nagusiak  eraginkortasunean urratsak egitea, tolosarren ongizatea eta tokiko ekonomia sustatzea, komunitatea sendotzea herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzearen bidetik eta jasangarritasunean aurrera pausoak ematea direla azpimarratu zuen. Gauzak horrela, lau lan ildo horien baitan kokatuta daude 2020rako proiektu eta egitasmo nagusi guztiak.

Eraginkortasunean hobetu:

Alkateak adierazi zuenez, “herritarrei zerbitzu hobea emateko eraginkortasunaren alde urratsak egitea ezinbestekoa da eta helburu horrekin txertatu dugu udal egitura berria eta garatu dugu Legealdirako Kudeaketa Plana”. Datorren urtera begira, Herritarren Arreta Zerbitzua, Udate, sendotzen jarraituko da, administrazio elektronikoa garatu eta udaleko ekipamendu informatikoa berrituko da herritarrei zerbitzu eta erantzun hobea emateko helburuarekin.

Gizarte babesa eta tokiko ekonomia sustatu eta komunitatea sendotu:

Gizarte zerbitzuetara bideratutako aurrekontua %8,7 igoko da (204.000 euro) bereziki familia esku hartzeari eta adineko pertsonen zaintzari lotuta. Abegi zentroan obrak egin eta eguneko zein gaueko zerbitzua ere jarriko da martxan.

Genero indarkeriari lotuta prebentzio kanpainak areagotuko dira eta Emakumeen Etxearen lehen faseari ekingo zaio, berdintasunaren aldeko urratsak egiten jarraitzeko.

Etxebizitza alorrean herritarrei eta modu berezian gazteei aukera berriak eskaintzeko jada martxan dagoen etxebizitza hutsei buruzko azterketaren emaitzak jasotzean etxebizitzak birgaitzeko programa egokituko da ahalik eta etxebizitza gehien alokairuan jar daitezen.

Udal eskumenez baliatuz, tokiko ekonomia sustatzea ere lehentasunezkoa izango da, Oriaburun Emari Coworking gunea indartzen jarraitzeko kanpaina berriak egingo dira, tokiko enpresetan berrikuntza sustatzeko diru-laguntzak eskainiko dira proiektuak egin ditzaten eta hiri ekonomiari lotuta ere, larunbateroko azoka indartzeko egitasmo berriak jarriko dira martxan, merkatariekin elkarlanean beren proiektuak babestuko dira eta turismoa ere bultzatuko da.

Herritartasun aktiboari eta herritarren ahalduntzeari lotuta, komunitatea sendotzeko helburuarekin, Emakumeen Etxearen lehen fasea gauzatzearekin batera, Tolosatzen Eskola Irekia proiektua garatuko da; Gobernantza ordenantza berria sortuko da partaidetzari eta gardentasunari lotuta; haur, nerabe eta gazteei buruzko azterketa egingo da, kultur eskaintza ere aztertuko da, eskaintza herritarren eskakizun eta beharretara egokitzeko eta elkarte eta taldeek jasotzen dituzten diru-laguntzen inguruko ordenantza berraztertuko da eta horien kudeaketarako formazioa eskaini, herritarrei erraztasunak emateko.

Jasangarritasunaren bidetik, trantsizio energetikoari lotuta aurrera pausoak:

Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana garatuko da eta energiaren mahaia osatu herritarren partaidetzarekin. Esparru honetan aurrera pausoak ematen jarraitzeko helburuarekin datorren urtean eguzki plakak ezarriko dira Ferialekuan, Led argiak jartzen jarraituko da kale argiztapenean, udal eraikinen kalifikazio energetikoari buruzko eta kontsumo energetikoaren kontrolerako azterketak egingo dira, Hiribus elektrikoa ezartzeko urratsak egingo dira eta kotxe elektrikoen kargarako puntuak jarri eta kontzientziazio, sentsibilizazio eta informazio kanpaina berriak abiaraziko dira hondakin eta energia kontsumo arduratsuaren inguruan.

Herria txukunago eta garbiago mantentzeko, kale garbiketa zerbitzua areagotu eta mantenu lanak gauzatzeko plangintza berria garatuko da, auzoka, eta udal eraikinei lotuta.

Inbertsio nagusiak proiektu estrategikoak garatu eta berrien oinarriak lantzeko:

Guztira, 1.670.600 euro bideratuko dira inbertsioetara. Proiektu eta azterketa nagusien artean: 

  • Zumardi Txikia berreskuratzeko proiektua eta aparkalekuari buruzko azterketa.
  • Emakumeen Etxearen lehen fasea.
  • Rondilla kalea berritzeko proiektua, merkatariekin eta herritarrekin elkarlanean garatuko dena.
  • Kultur Etxea eraberritzeko proiektua.
  • Abegi zentroko obrak eguneko eta gaueko zerbitzua martxan jartzeko.
  • Laskorain kaleko eta Gernikako Arbolako obrak, dagoeneko udalak lanekin hasi ahal izateko baimen guztiak baititu.
  • Kaleen zaharberritzeari lotuta: Paper kalea, Euskal Herria plazako estalpeko zorua, Oria Kalea eta San Francisco
  • Bizikleta aparkalekuak, karpak eta pantaila digitalak.
  • Uzturpeko estalkiaren berritzea, udan egingo dena.

Onartu berri den aurrekontu proiektuak 2017-2027 Tolosatzen Plan Estrategikoan jasotako egitasmoak jasotzen ditu, esaterako, Haur, Nerabe eta Gazteen azterketa egitea, eta oposizioaren proposamenak ere barnebiltzen ditu, jasotako proposamenen %95a jaso baita, izan ere, gehienak jada jasoak zeuden aurrekontu proposamenean eta berriak txertatzeko ahalegina egin du udal gobernuak, herritarrekin partekatutako eta oposizioarekin adostutako dokumentua izan dadin.

Amaitzeko, Osoko Bilkuran onartutako beste gai batzuen artean: Udaleko lan hitzarmenean zenbait aldaketa egitea aitatasun eta gaixoaldiagatiko lizentziei dagokienean, Tolosako udaleko lanpostuen zerrendaren aldaketa, kontratazio mahai iraunkorraren eratzea eta Herritarren Arreta Zerbitzua arautzen duen ordenantzan zenbait zuzenketa egitea.

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...