Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
23/04/2014

Geurea, Ikurriña da.
Aretxabaleta EAJ-PNV

EH Bilduk Espainiako bandera jarri du Aretxabaletako udaletxean (2014-4-15), baita Donostiako udaletxean eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere (2014/04/13). Azken finean, legealdiko garai honetan, gobernatzen dituzten ia udal guztietan jarri du Espainiako bandera.
Geurea, Ikurriña da. <br>Aretxabaleta EAJ-PNV

Hori dela eta, lehendabizi, EAJko herri-agintari guztien lana gogora ekarri eta aitortu nahi dugu, urtetan, ezker abertzalearen eraso eta irainak jaso behar izan dituztelako, zergatik eta orain, beraiek egin dutena egin zutelako, hau da, Espainiako estatuaren agindua betez, gobernatzen duten erakundean Espainiako bandera jartzea.

Zenbat irain, zenbat oihu eta pankarta ("¡PNV español!"), zenbat intentzio txarreko akusazio, zenbateko presioa jasan behar izan duten gure herri agintariek. Ezker abertzaleak ez du gure batzokiak gorri-horiz zikintzeko aukerarik galdu - gaur egun, oraindik ere, Durana kaleko lokaleko leihoan ikus ditzakegu horren arrastoak - bihotz oneko hainbeste abertzale fin mintzeko, besterik ez!

"EAJ eraso eta mendean jartzeko" hainbeste politika egin eta gero, ezker abertzalearen garaia da orain. Urtetan eta urtetan eskatu diete euskal erakundeetako agintariei oldartzeko eta intsumiso aldarrikatzeko euren burua Espainiako epaien aurrean. Eta orain, beraiek hori egiteko aukera begien aurrean jartzen zaienean, zer erabaki dute? Oposizioan zeudenean aldarrikatzen zuten desobedientzia zibila praktikatu beharrean, agintean daudenean, epai horietara makurtzen dira, legeari men egiten diote.

Non dago koherentzia?

Gogorarazi behar zaiena da, beste batzuk gauza bera egiten zutenean, "diruzale" deitzen ziela, eta "beraien eserlekuak eta soldatak mantentzeko" onartzen zituztela Espainiako Auzitegien epaiak. Dena dela ere, guk ez dugu gauza bera egin behar; EAJk arduraz jokatuko du, politikan daramagun ibilbide osoa egin duen bezala.

Horregatik, beste behin ere, gaur, EAJk salatzen du -beste udalerri batzuetan eta Foru Aldundian jarri zutenean bezala- atxabaltar gehienek sentitzen dutenaren aurka Espainiako bandera jartzera behartzea. Alkate andrearenganako leialtasunez jokatuko dugu, epaiari men egitera behartu dutelako. Baina ez dugu antolatu duten kalejira, musika eta mosaikoko zirkoan parte hartuko.

Barregarria izango litzateke, "Bildu español!" oihukatzen hastea orain, baina ezker abertzaleak jabetu beharko du historiarako geratuko den pasadizoaz, alegia, "Bildu izan zela Aretxabaletako herri leial honetan Espainiako bandera jarri zuena, 2014ko apirilaren --an"

Edozeinetara ere , beste hausnarketa batzuk alde batera utzita, horrelako gertaerek hausnarketa egitera eraman beharko luke ezker abertzalea, iraganean izan dituzten jokabideen gainean, sortu duten min eta sufrimenduaren gainean; izan dituzten hainbat portaeraz jabetu eta, askotan, bidegabe jokatu dutela hausnartzeko, are gehiago, beste alderdi politiko batzuekiko errespetu falta osoa erakutsi dutela.

Ezin da etorkizuna eraiki, iraganean gertatu denaz hausnarketa kritikoa egin gabe.

Bukatzeko, Aretxabaletako EAJ-PNVko Herriko Juntak adierazten du arbuiatu egiten duela udaletxean bandera española jartzera behartzen duen epaia, herriaren gehiengoaren borondatearen kontra hartutako epaia. Aldi berean, gogorarazi nahi dugu, EAJ-PNV izan zela Espainiako Gobernuaren delegazioaren aurkako errekurtsoa jartzeko proposamena egin ziona Udalari.

Gurea ez den bandera inposatzen digute. GUREA, IKURRIÑA da. Ikurriña da gure bandera, gure BIHOTZETAN daramaguna, EGUNERO, gure barruan.

Horregatik, urtero Aberri Eguna ospatzeko egiten dugun bezala, balkoi eta leihoetan Ikurriña jartzeko eskatzen diegu herritarrei.

Gora Euskadi askatuta!

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...