Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
19/04/2014

Euskadi Europara begira. Aberri Eguna 2014

Euskadi Europara begira dago. Europara begira dago orain, iraganean egon den moduan. Sortzetik dugun izaerak eraman baikaitu pentsatzera herrialdea iparraldetik mugatzen digun itsasoa ez dela hesia, eta ezin gaituela barrura begira gelditzera eta uzkurtzera mugatu behar. Aitzitik, betidanik sinistu dugu itsasoa ate naturala zela, beste errealitateetara hurbiltzen gintuela. Elkarbizitza bilatu izan dugun beste herriengana hurbiltzeko. Bakoitza bere nortasunarekin, bere kulturarekin, baina errespetuan eta lankidetzan oinarri haturik. Ahots propioarekin, elkartasun giroan.
Euskadi Europara begira. Aberri Eguna 2014

XV. mendean ere ‘bizkaitar kontsulatua’ izeneko bat zegoen orduko Europako zentro ekonomiko eta komertziala zen Brujas hirian (“Hoc est sigilium nationis Bizkaine”). Haren inguruan elkartzen ziren nafarrak zein gipuzkoarrak. Ordutik aurrera eta etengabe, euskaldunak europar egitasmoarekin lotzea bilatu dugu, gure oraina eta geroa inguruko herriekin partekatzeko gogoarekin. Elkarrekiko interesak defendatuz, denboran zehar aurrera egiten lagunduko ziguten elkartasunak eraikiz. Europara begira gaude Europa garelako. Europan dago gure lekua. 1918 urtean aldarrikatu genuen, I Mundu Gerra amaitutakoan, Wilson presidentearen deiari erantzunez, Euzko Alderdi Jeltzaleko ordezkariak Versallesera europar herrien autodeterminazio eskubidea defendatzera joan zirenean.

1933 urtean ere egin genuen, Donostian bigarren Aberri Eguna ospatu genuenean. Orduan ere, “Euzkadi-Europa” izan zen gure goiburua. II Mundu Gerraren ostean berretsi genuen, 1947 urtean Nazioarteko Talde Berrietan parte hartu genuenean. Hura izan zen Europar Mugimenduaren hasikina, Schuman, Monet, De Gasperi edo Adenauerrek erein zuten haziaren ernamuina.

Gaur, 2014ko Aberri Eguna ospatzen dugun honetan, Euskadi, euskotarren aberria, Europara begira dago. Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzen dugu, gure inguruko nazio guztiek dituzten baldintza berdinetan, bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugun modu berean.

Euskal Herria bi errealitate ezberdinetan dago gaur egun, bere berezitasuna aitortzeari uko egiten dioten Estatu bitan banatuta. Frantzian, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, non herritarrek Lurralde Elkargoa eratzeko borondatea adierazi duten, egituraketa batek administratiboki zein arlo kultural eta ekonomikoan batu ditzan. Hegoaldean, Espainiar Estatuan, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Autonomi Erkidegoak osatzen dute Aberri honen mapa politikoa. Hiru erabaki esparruk osatzen duen Euskal Herria, zorrozki errespetatu beharko direnak, zilegitasun demokratikoa izango badu.

Euskadi hori da gure helburua, espazio fisiko zehatz baten barruan dauden hiritarrek osatua, Adourretik Agüerara, Akitaniatik Ebrora. Eta hiritarrak direla esan nahi dugu, herrialdearen gainetik, batzen gaituzten nortasun seinaleen gainetik, kulturaren eta hizkuntzaren gainetik. XXI. mendeko euskal abertzaletasunarentzat herri bat osatzen duten emakume eta gizonen borondatea baita egitasmo politiko komun bat sostengatzen duen elementua.

Hori da guk nahi eta aldarrikatzen dugun aberria, Euskadi, euskal hiritarren aberria.

Euskal Aberriaren Eguna ez da inoren kontra egiteko ospakizuna, ez eta nazio nortasunen arteko aurkaketarako handikeria ere. Euskal abertzaleentzat Aberri Eguna da egitura politiko, ekonomiko, sozial eta kultural propioa osatzeko dugun eskubidearen baieztapena. Erkidego moduan bizirauteko borondatea adieraztea, gizarte bat identifikatzeko, hiritargoa bere inguru hurbilarekin elkartzeko gogoa adierazteko eguna.

Eta, gogo horrekin, gure sentimenduekin identifikatzen ez dena errespetatzen dugu. Erkidego bateko kide izateko borondatea edo sentimendua, bere patua partekatzeko borondatea, ezin baita inposatu edo eragotzi.

Helburu dugun XXI. mendeko Euskadi nortasunen batura izango da, ezberdinen arteko bizikidetza, gehiengoarekiko eta gutxiengoarekiko errespetua, edo bestela, ez da izango.

Euskaldun izena eramango duen gizartea eraiki nahi dugu, bere etorkizun pertsonala edo familia herri txiki honi lotuta bizi nahi duten guztiekin. Ez du inor baino hobea edo txarragoa izan nahi, baina bere nortasun propioa izan nahi du.

Garena maitatu nahi dugu ez garena gorrotatu gabe. Eta ‘izaera’ horretan, euskal nortasuna da giza garapenerako faktore. Solidariotasunean ibilitako etorkizuna, pertsonak babesik gabe uzten dituen norberekeriaren aurrean. Baloreak dituen erkidegoaren garapena, denon ongiaren aldeko apustua egiten duena; hazkunde ekonomiko, kultural, sozial eta politikoaren alde egiten duena; solidariotasunaren alde, pertsona guztien eskubideenganako begirunearen alde. Europa demokratiko, baketsu eta bidezkoaren ideia piztu duten baloreetan islatzen den erkidegoaren garapena. Europa arimadun horretan hazi nahi dugu, elkarbizitzan, gure ahots propioarekin.

Euskal Aberri horren defentsan, hainbat euskal belaunaldik beren haragi eta odoletan sufritu dute zapalkuntza, bortxakeria eta sufrimendua. Eta, Euskal Aberri horren izenean, hiritargoaren zati bat terrorismoaren eta jazarpenaren mende jarri da.

Gaur, Herri honen zorionerako, bake aldi berria eraikitzeko momentua iritsi zaigu.

Pertsonak dira aberria egituratzen dutenak, eta pertsona horien oinarrizko eskubideak dira elkartzen dituen entitate, erakunde edo instituzioen egiturak eraikitzen dituztenak. Horregatik, gure gaurko helburua da Euskadin bortxakeriarik gabeko bizikidetza finkatzea. Inposaketarik gabe. Indarrez menderatuak izan gabe, koakziorik gabe, eskubideak murriztu gabe. Iragana atzean uzteko derrigorra dugu. Ezer ahaztu gabe. Ezer gorrotatu gabe. Bakoitzak egin duena onartuta. Aukera paregabea bultzatzeko ahalak elikatuko dituen bakea; joko arauak ezartzen utziko diguna, bizikidetzarako akordio zabalari aurre egin diezaiogun; horren barruan, elkarrekin erabaki dezagun etorkizunean nola bizi nahi dugun. Nazio Erkidego berria, elkarrekin aurrera egiteko, eta gure kabuz gure etorkizuna izan daitekeena eta izatea nahi duguna erabakitzeko.

Bi helburu zehatz dira 2014ko Aberri Eguna ospatzeko une honetan elkartzen gaituztenak. Alde batetik, Bake eta Bizikidetzarako oinarrizko adostasun berria eratzea, Euskadin elkartasun aldi berrirako atea zabalduko duena. Eta, bigarren tokian, denen artean eztabaidari hasiera ematea, Euskadin autogobernuak aurrera egitea ekarriko duena. Akordio demokratikoa, erabakitzeko eskubidearen beraren aitortza bideratzeko, eta oinarrizko araudira egokitzea ahalbidetzeko.

Hori da guk proposatzen dugun Aberri berria. Bake sendoagoa, bizikidetza aberatsagoa, askatasun handiagoa. Hobeto bizitzeko.

Bakeak eskatzen du iraganean terrorearen praktikarako erabili zen armategi militarra behin betiko ezabatzea, eta egintza hori egiaztagarria izatea. Bakeak exijitzen du biktimei, eta urteetako sufrimendu estrategia urteei amaiera ematea erabaki dutenengan egia eta gizalegea ikusi nahi duen gizarteari, bidegabe eragin zaien mina aitortzea.

Bakeak exijitzen du justizia gizatiarra praktikatzea, legeak ematen dituen aukeren barruan, bortxakeriari uko egin diotenak eta elkarbizitza aldi berrian parte hartu nahi dutenak gizarteratzeko.

Bakeak adimen politikoa exijitzen du, Estatu erantzukizuna, gizarte berrirako egin behar den zubia eraginkorra eta ondo egina izan dadin.

Bakeak exijitzen du akordio politiko eta instituzionala, denen ongiaren onerako egina, alderdikeriaren onura politikoak bazterrean utzita.

Bakea finkatzea, giza eskubideen errespetuan oinarrituko den elkarbizitzarako bidea ezartzeak lagunduko baitigu gure bigarren helburua lortzen: Euskadirentzako estatus politiko berria egituratzea.

Bortxakeriaren biziraupenak urteotan eragotzi du gure autogobernua bultzatzeko eta eraberritzeko erronka bideratzea. Beti pentsatu izan dugu bortxakeriak ezin zuela herri honetako agenda politikoa baldintzatu behar. Baina, argi zegoen indarkeria arrazoi politikoko estrategia gisa erabiltzen zen bitartean, euskal gizon eta emakumeen iritzi askea intolerantziaren eta mehatxuaren bidez murrizten zen bitartean, Euskadiren etorkizun politikoari buruzko edozein eztabaidak zail izango zuela arrakastara iristea.

Bortxakeriarik gane, dena egin daiteke. Elkarrizketa eta kontrastea dira tresnak. Hori ukatzea litzateke demokraziari berari iruzur egitea. Eragoztea, indar posizioetara itzultzea, inposaketara eta etengabeko gatazkara, alegia.

Euskadik bere autogobernua eguneratu nahi du. Ez da aldarri politiko hutsa, baizik eta autogobernua euskal hiritarrentzat delako ongizate eta giza eta talde garapenerako bermea. Euskadiren eraikuntza instituzionalak hazkunde ekonomikoa eta oinarrizko zerbitzu publikoak ekarri dizkigu, nagusiki Euskal Autonomi Erkidegoan.

Ez gara bidean erratu. Gure nortasunaren indarrak eta euskal gizartearen interes komunak eraman gaituzte autogobernuan sakontzera, hau da, aurrerapena, ongizatea eta bizitza kalitatea. Horregatik guztiagatik, gure nortasuna eta euskal gizartearen interes komuna indartzen jarraitu behar dugu.

Ez diogu uko egiten orain arte lortutako autogobernu estatusari. Alderantziz, instituzioetan ere, oinarri horiekin hazi nahi dugu, munduan dugun posizioa finkatzeko.

Beste herrialdeetako inguruabarren mende gauden bitartean lortzerik ez dugun garapen erritmoa erdietsi behar dugu. Horrek eskatzen digu subiranotasun printzipioa aplikatzea eta politikoki egituratzea, hau da, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna. Ez bakarrik aurkaketa politikoagatik,baizik eta baita hiritargoaren interesaren alde egiteko ere. Euskal gizon eta emakumeok etorkizun hobea amesten dugulako, eta munduko beste nazioek dituzten eskubide berberak ditugulako.

Uniformetasunean edo orain arte lortutako botere esparrutan gelditzea da atzean geratzea, datorkigun errealitatearen aurrean orain arte lortu dugun posizioa galtzea. Egitura politiko propioa lortu nahi dugu, gure nortasun sozial, ekonomiko, kultural eta politikoa babesten eta garatzen lagunduko diguna. Euskal hiritarrok hobeto bizi nahi dugu, enpleguari, ongizateari eta lehen mailako zerbitzu publikoen inguruko ziurtasunarekin. Sendotasun ekonomikoarekin.

Gure estrategiak bilatzen du Euskadiren hazkundea erraztea, ikuspuntu politiko, sozial, ekonomiko eta instituzionaletik haztea, instituzionalizazio aurreratua lortzea, Euskadi beste nazioen artean, Nazio askea izan dadin. Hazkunde ekonomikoa eta hazkunde instituzionala dira garapen eta gizarte kohesio handiagoa errotzeko sustraiak. Ondo banatutako aberastasuna lortzea, gizarte batu eta ekintzailea lortzeko. Hori da gure alternatiba. Subiranotasuna egunez egun gauzatzea, lortutako esparruak sendotuz eta urrats berriak emanez.

Euskadi da berriztatzen eta indartzen den Nazio zaharra. Euskadik Nazio izan behar du Europan. Estonia eta Kroaziaren ondoan. Urratsak ematen hasiak diren Eskozia, Flandria eta Catalunyarekin batera. Europa berria, Lisboako Itunaren eguneratzearen bidez, XXI. Mendeko errekerimenduen araberako gobernua eratzen lagunduko duena, eta Estatu kide ez diren subjektu politikoen egiteko aktiboa aitortzea ekarriko duena. Zentzu horretan, Europar Batasunak Euskadikoa bezalako nazio errealitateak aitortu beharko ditu, eta tresneria juridikoak abian jarri beharko ditu Batasunaren barruko hedapena ahalbidetzeko, kanpoko hedapenak bideratu dituzten printzipio eta baldintzei jarraiki -Copenhageko irizpideak-. Barruko hedapen honek eta hiritarren parte hartzerako bideak hobetzeak lagunduko dute sare instituzionalaren eta Batasunaren erabaki prozesuen funtzionamendu demokratiko eta gardenagoa.

Gure begirada jarri behar dugu aurrera egiten duen ‘europar tren’ horretan. ‘Subiranotasun politikoa’ eta ‘subiranotasun ekonomikoa’ uztartzea. Baina ‘subiranotasun ekonomikoa’ eta ‘protekzionismo ekonomikoa’ nahastu gabe, Euskadi gero eta independenteagoa behar dugulako eta, aldi berean, mundu zabalera gero eta irekiagoa.

Nazio Eraikuntzaren bide horretan mailaz maila ari gara aurrera egiten, herrialde esparru bakoitzari egokitutako erritmoan. Horrela ba, Euskal Autonomi Erkidegoan prozesua zuzentzen dugu normalizazio alorrean, eta estatus politiko berrirako bultzatu ditugun ekimenen bidez. Nafarroan gero eta egiteko aktiboagoa izan nahi dugu horietan erronka bietan, hau da, bizikidetza eraikitzeko lanean, Foru Erkidegoan hain garrantzitsua dena, zein gure autogobernuaren eguneratzean. Eta Iparraldean, sinergiak bateratzen ari gara kontzientzia kolektiboa indartzeko, lurralde elkargoaren aitortza bilatuz, hori baita euro-erregio bat osatzeko lehen urratsa, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak europar lankidetza markoan sartuko dituena, Estatu bakoitzaren mugetatik kanpo.

Eusko Legebiltzarrak aurreko asteotan hasi du estatus berria lortzeko erronka honi eraginkortasun, erantzukizun eta konpromisoarekin ekiteko ekimena. Ez daukagu premiarik. Euskal herriak milurteko historia dauka, eta zutik mantentzeko borondateak lagundu dio bere nortasun propioarekin bizirautera, historiaren gorabeheretan eta inguruan bizi izan diren aldaketetan parte hartu duelarik. Horregatik, argi eta garbi ikusten dugu aurrera emandako urrats bakoitza finkatu beharra dagoela, nazio erkidegoaren aurrerapen hau era orekatu eta seguruan egin dadin.

Aukera handia aurkezten zaigu Euskadi osoak eta ez bakarrik Euskal Autonomi Erkidegoak,baizik eta baita Nafarroako Foru Erkidegoak eta Iparraldeak ere, urrats erabakigarria eman dezaten, gure etorkizunaren gauzatze bateratura bidean.

Krisian gaude arren, eta oraingo zailtasunak zailtasun, baikorrak gara, jakin dakigu euskal hiritargoaren ahalegin, borondate eta konpromisoarekin ezarri ditugun helburu guztiak lortuko ditugula: bakea eta Euskadiren askatasuna.

Horregatik guztiagatik, 2014ko Aberri Egun hau ospatzeko orduan, Euskadiko hiritargo osoari zuzendutako deia egin nahi dugu, bake eta askatasunerako dugun eskubidea aldarrikatzeko, gu guztiok identifikatzen gaituen ikurrina kalera atera dezagun; keinu horren bidez Herri berria eraikitzeko dugun borondatea erakutsiz; gizarte berria, non guztiok gure iritziak emateko eta gure erabakiak hartzeko ahalmena izango dugun, giza eskubideei zor zaien errespetuaren babesean.

Bakoitzaren borondatea eta ezberdintasuna errespetatzea. Pertsonen duintasuna eta gure ideiak errespetatzea, gure Herriak urrats sendoz aurrera egin dezan, Euskadi bere hiritargoak nahi duen hori izan dadin.

Era berean, euskal hiritargoari luzatu nahi diogu deituko diren ekitaldi guztietan parte hartzeko gonbidapena, bakoitzari dagokion begirunea gorderik, Euskal Aberrikoak garela adierazteko, eta bakoitzak atxikimendu askerako duen eskubidea errespetatuz, herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko .

GORA EUSKADI ASKATUTA!!!

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...