Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Bilduk Urtetan zulo ekonomikoa eta ingurugiro egoera larria utziko ditu
GHKri eskatzen diogu bere konpromisoak bete eta araztegia eta transferentzia planta eraikitzeko, eta Udal elkarteko lehendakariari, berriz, “ordezkatzen dituen udalerrien eskubideak defenditzeko”.Urola Kostako Udal elkarteko Batzorde Exekutiboa osatzen duten EAJko zinegotziek salatu dute Zarautz, Zumaia, Getaria, Orio eta Aiako udalek eta, ondorioz, bertako bizilagunek, “oso egoera larriari” egin beharko diotela aurre, Bilduk hondakinen arloan eta zehazki Urtetaren itxieran darabilen kudeaketa “arduragabea” dela-eta: “Bilduri axola dion gauza bakarra da esatea zabortegia itxi duela eta domina jartzea, baina ez da bat ere kezkatu biharamunean utziko duen egoeraz. Ez dira martxan jarri hondakinak garraiatzeko eta lixibatuak tratatzeko azpiegiturak, eta Udal Elkartea ekonomikoki kolokan utzi behar dute”.
Hain zuzen ere, jeltzaleek zehaztu dutenez, Udal Elkarteko fondoaren defizita bost milioi eurokoa da, eskualdeko bizilagunek “denon artean” ordaindu beharko dutena. “Behin eta berriro salatu dugu zabortegia ixtea giltzarrapoa jartzea eta atean argazkia ateratzea bainoa askoz ere gehiago dela. 30 urte behar dira zigilatzeko eta pilatutako hondakinak berme guztiekin kudeatzeko. Bilduk ez du guzti hori aurreikusi, ez du zigilatze fondo ekonomikoa osatu. Hori horrela, datorren legealdian Udal Elkartea kudeatzen dutenek edozein unetan eztanda egin dezakeen bonba ekonomiko eta ingurugiro arlokoan izango dute esku artean”, ohartarazi dute.
Kezka nagusietako bat lixibatuak tratatzeko plantaren ingurukoa da -pilatutako zaborrek sortzen duten likidoa dira lixibatuak-. Jeltzaleek argudiatu dutenez, joan den irailean egindako batzarrean, jakinarazi egin zitzaien Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak, “hau da Bilduk”, uko egiten ziola Udal Elkartearekin hartutako konpromisoari, hau da, hondakinek sortzen dituzten lixibatuak tratatzeko azpiegitura eraikitzeko eta mantentze gastuak bere gain hartzeari.
“Gogorarazi nahi dugu –salatu dute- konpromiso hori GHKk hartu zuela, erraustegia geldiarazi zutenean, eta Zarauzko zabortegiari eskatu zitzaionean itxiera data atzeratzeko eta Gipuzkoako zaborrak hartzeko konponbide bat topatu bitartean”. Bi urte horietan zehar, GHKk Udal Elkarteari eskatu izan dio zaborrak botatzeak dakartzan tasak ez igotzeko, “gastuak bere gain hartuko zituela esanez. Alegia, Urola Kostako bizilagunek bere eginbeharrak egin dituzte eta akordioa bete dute, baina orain Bilduk ahaztu egin ditu hartutako konpromisoak eta uko egiten dio Urteta lepo betetzeraino bota dituen zaborrak tratatzeko azpiegitura finantzatzeari”.
Egoera, jeltzaleek salatu dutenez, bereziki larria da Zarauzko eta Urteta auzoko bizilagunentzat, bertan kokatzen delako zabortegia, eta hango bizilagunek direlako “eragozpenak zuzenean pairatu dituztenak”. “Orain, araztegia eraiki beharrean –bost milioi euroko inbertsioa eskatzen du- , azpiegitura hori aurreikusi ez duenez, GHK beheraldiekin dator eta proposatzen du biltegi bat egitea likido kutsagarriak jasotzeko”. Neurri hori ez dute begi onez ikusten. “Errotaberri eta Abendaño artean egin nahi dute baltsa hori, industria zoru gisa kalifikatuta dagoen arren, eta bi ikastetxetik gertu -La Salle eta Lizardi- egon arren. EAJren arabera, Udal elkarteko teknikariek ere zalantzak azaldu dituzte proposamen honen inguruan, tratamendu zein kokapen mailan”.
“Ez dago transferentzia plantarik”
Bilduren “ekimen faltak” eta “inprobisazioak” bestelako arazoak ere sortuko ditu, EAJk salatu duenez. Urola kostan sortzen diren hondakinen garraioa izango da horietako bat: “Zaborren hasierako garraioa GHKren ardura da, legeak argi eta garbi azaltzen duenez. Kontratu bat dugu sinatuta, esaten duena GHKk bere gain hartu behar duela transferentzia gunea eraikitzeko kostua. Azpiegitura hori beharrezkoa da hondakinak kamioi txikietatik handietara pasatzerako, gero Lapatxeko zabortegira eramateko, orain esan baitigute bertara eraman behar ditugula hondakinak”.
Haatik, oraingoz ez da inolako transferentzia plantatarik eraiki. “Are okerrago, kontratua aldatu egin nahi dute, eta planta mugikor bat egiteko asmoa azaldu dute. Ez dakigu planta hori zertan datzan, ez guk eta ezta Udal elkarteko teknikariek ere, horrelako instalazioen berririk ez baitute. Esperimentu hori martxan jartzeko sei hilabete beharko lituzkete. Bitartean, nahi dute Urola Kostako bizilagunek gure gain hartzea zaborra Azpeitiraino eramateak dakarren kostu gehigarria”.
Guzti horregatik, jeltzaleek Udal elkarteko lehendakariari leporatu diote ordezkatzen dituen udalerrien interesak eta eskubideak ez babestea, eta gai ez izatea “mahai gainean kolpe bat eman GHKko bere alderdiko nagusien inposaketen aurrean”. Egoera hori ikusita, EAJko ordezkariek GHKri exijitu diote “hitzez zein idatziz hartutako konpromiso guztiak betetzeko, ziurtatuz zabortegia itxiko dela berme tekniko, ekonomiko, eta ingurumeneko guztiekin, eta bere gain hartuz dagokion kostuak”. Hori egin ezean, iragarri dutenez, “Udal Elkartea osatzen dugun herrietako bizilagunontzat zama handiegia izango da, eta behar izanez gero, herritarren eskubideak epaitegietan defendituko ditugu”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31